Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, azaroaren 17tik 21erako aste honetan ere, zenbait egunez mozten ari dira N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.
Bi eta hiru orduko mozketak
Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean, 67 eta 68 kilometro inguruetan eginen diren leherketen ondorioz, erabat moztuko da errepidea astelehenean, azaroaren 17an, hiru orduz, 12:30etik 15:30ra; asteartean, azaroaren 18an, hamar minutuz, 12:30etik 12:40era eta ortzegunean, azaroren 20an, bi orduz, 12:30etik 14:30era.
Gipuzkoako aldean, Irun-Endarlatsa tartean, 72. kilometro inguruan erabat moztuko da errepidea asteazken eguerdian, azaroaren 19an, bi orduz, 12:30etik 14:30era.
Asteazkenetik ortziralera, hamar minutuko mozketak Bera-Etxalar zatian
Asteazken, ortzegun eta ortziralean, azaroaren 19tik 21era, Etxalar-Bera zatiko 61,500 kilometrotik 62,500erako tartean hamar minutuko errepide mozketak eginen dira, 11:30etik 11:40era.
Berrizaun inguruan, ez da mozketarik izanen aste honetan, baina egunero bezala, txandakako pasabidea emanen da 61. Kilometro inguruan, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Gauza bera gertatuko da Endarlatsa inguruko 69 kilometroan ere, arraildura moldatzeko, baita bertze zenbait zatitan ere.
Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea.
Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.
Endarlatsako zubia
Bertze aldetik, Endarlatsako zubiko bi arku erdiak bihar elkartuko direla jakinarazi dute. Zubiak 190 metroko luzera izanen du eta 11 eta 15 metro bitarteko zabalera. Bi arku erdiak azkeneko hamabortz egunetan bere lekuan dauden, baina zutik, zeruari begira. Gaur bertan 30 gradu jautsiko omen dira kable metalikoen eta katu hidraulikoen bidez. Bihar, falta diren 60 graduak jautsi eta eguerdi aldera elkartuko omen dira.