Klub arteko pilota txapelketako norgehiagokak jokatu dituzte Gure Txokoak eta Errekak

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 14a, 11:21

Nafarroako Kirol Jolasetako hainbat partida jokatuko dira larunbatean Donezteben, Legasan eta Leitzan

Nafarroako klub arteko lehen mailako txapelketako partidak jokatu ziren igande eguerdian Beran. Berako Gure Txokoa eta Doneztebeko Errekako pilotariak izan ziren aurrez aurre. Buruz buru, Gure Txokoako Gaizka Otxandorena almandoztarrak 18 eta 12 irabazi zion Errekako Joseba Madariaga aranztarrari. Binaka, Errekak ezin izan zuen bere bikoterik onena kantxaratu eta Mikel Kanpok eta Imanol Baleztenk 3 eta 22 galdu zuten Gure Txokoako Joseba Pikabea aranztarra eta Toni Uharte amaiurtarrarekin.
Azken orduko berri bezala, ortzegun arratsaldean, berriz ere lehen mailako klub arteko txapelketako partidak jokatu zituzten Donezteben Errekak eta Irurtzunek. Buruz buruko kategorian, Irutzungo Xabi Otxotorenak 18 eta 7 irabazi zion Errekako Beñat Oronoz lesakarrari. Aipatzekoa da senior kategorian izan arren, Oronozek 16 urte bertzerik ez dituela eta halere estu hartu zuen dagoeneko Asperekin probetan dagoen Xabi Otxotorena. Hasieran, hiruna eta bosna berdindu zuten, baina azkenean Irurtzungoa nagusitu zen. Halere, bukaera arte saiatu zen lesakar gaztea zazpi ingurutik hainbat pilota ekarri zituen airez eta partida ederra egin zuen. Binakako partidan, Irurtzungo Mikel Idoatek eta Aitor Etxeberriak 22 eta 19 irabazi zieten Errekako Aritz Anguita eta Joseba Madariaga aranztarrari. Errekakoak 11 eta 3 irabazten izan ziren, baina hamabosna berdindu ondotik, ezin izan zuten partida irabazi. Aipatzekoa da Idoate ere Asperekin entrenatzen ari dela.

Guillermo Mazo lau terdiko txapelketa

Errekako pìlotariak Nafarroako gazte mailako lau terdiko txapelketan, Guillermo Mazo Memorialean parte hartzen ari dira. Asteartean Labriten, Unai Iparragirre aranztarrak 7 eta 18 galdu zuen IrurtzungoAnsotegirekin. Beñat Oronoz lesakarra Zugarraldeko Taintaren kontra aritzekoa zen, baina hau aurkeztu ez zenez, aitzinera eginen du lesakarrak. Hain zuzen, final laurdenetako norgehiagoka jokatuko du Ansotegiren kontra heldu den asteazkenean, azaroaren 19an, Lekunberrin. Aipatzekoa da Beñat Oronoz kantxa osoko txapelketan ere zortzi onenen artean sartu zela eta lau terdikoan ere bertze horrenbertze lortu du. Azaroaren 12an Lekunberrin jokatutako partidan, Errekako Unai Madariaga urroztarrak 18 eta 4 irabazi zion Txarutako Oier Bereau iturendarrari eta beraz, Unai Madariaga ere Guillermo Mazo txapelketako final laurdenean izanen da. Hau ere Lekunberrin arituko da azaroaren 19an, Leitzako Aurrerako Jon Jaunarenaren kontra. Jaunarenak 18 eta 8 irabazi zion Sotori.

Nafarroako Kirol Jolasetako emaitzak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean, hainbat partida jokatu dituzte egunotan Errekako pilotariek. Lizarran, ehen mailako alebinetan, Errekako Juankorena eta Oronozek 8 eta 18 galdu zuten San Migueleko Arsuaga eta Zalduendorekin, baina hirugarren mailako infantiletan, Errakako Saldias eta Iribarrenek 18 eta 12 irabazi zieten San Migueleko Bujanda eta Elkarteri. Bigarren mailako jubeniletan ere, Errekako Carrion eta Zestauk 22 eta 15 irabazi zieten San Migueleko Aizkorreta eta Aranori. Burlatan, bigarren mailako alebinetan, Errekako Larretxe eta Saldiasek 4 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko Saldias eta Agirre II.arekin. Oberenan, bigarren mailako alebinetan, Errekako Arrieta eta Baztarrikak 5 eta 18 galdu zuten Oberenako Mariezkurrena eta Okiñenarekin eta Atarrabian, lehen mailako alebinetan, Errekako Sein eta Fagoagak 12 eta 18 galdu zuten Beti Onak taldeko Ayesa eta Iruritarekin. Donezteben, azaroaren 12an jokatutako partidan, lehen mailako kadetetan, Errekako Mikel Maia lesakarrak eta Iker Rojo igantziarrak 22 eta 15 irabazi zieten Oberenako Javier Senosiain eta Sergio Larraiari.

Astebururako partidak

Asteburu honetan jokatu beharreko partidetan, larunbat arratsaldeko 13:00etan Legasan, lehen mailako jubeniletan, Errekako Gaizka Bendoiro eta Imanol Juanena, Oberenako Soto eta Artuch-en kontra ariko dira. Igande goizeko 9etan, Donezteben lehen mailako jubeniletan, Errekako Beñat Oronoz eta Mikel Kanpo, Sutegiko Etxeberria eta Arañaren kontra ariko dira. Segidan, Nafarroako 22 urtez beheitiko klub arteko txapelketan, Errekako Garikoitz Juanenea eta Xabier Madariaga, Txarutako Barberena anaien kontra ariko dira. Gero, Nafarroako klub arteko seniorren bigarren mailako txapelketako norgehiagokak jokatuko dituzte Erreka eta Sutegiko pilotariek. Errekaren aldetik, Imanol Baleztenak jokatuko du buruz buru eta Unai Iparragirrek eta Raul Labianok binaka. Gero, bigarren mailako kadete kategorian, Errekako Ibai Juanenak eta Oihan Olaizolak Esteribarko bikotearen kontra jokatuko dute. Aipatzekoa da, Nafarroako Kirol Jolasen txapelketaren barrenean hainbat partida jokatko direla larunbat goizeko 9:00etatik aitzinera Legasan. Leitzako Amazabal pilotalekuan ere, partidak jokatuko dira larunbat goizeko 10etatik aurrera. Bigarren mailako alebinetan, Aurrerako Aimar Gil eta Mikel Eraso Oberenako bikotearen kontra ariko dira. Bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Ander Gartziarena eta Markel Barriola Beti Onak taldeko bikotearen kontra ariko dira eta Iñigo Mitxaus eta Ibai Barberena, Mendillorriko bikotearen kontra. Hirugarren mailako kadetetan, Aurrerako Onsalok eta Erasok Zugarraldeko bikotea izanen dute arerio. Leitzatik kanpo ere ariko dira Aurrerako pilotariak larunbat goizean. Uharte Arakilen, bigarren mailako infantiletan, Aralar Mendiko bikotearen kontra ariko dira Aurrerako Xabier Zubiria eta Lenitz Galartza. Lizarran, bigarren mailako infantiletan, Aurrerako Oier Igartau eta Iñaki Saralegi San Migueleko bikotearen kontra ariko dira. Burlatan, Leitzako hiru bikotek Zugarraldekoak izanen dituzte arerio. Lehen mailako kadetetan, Aurrerako Igartuak eta Hendandorena ariko dira eta lehen mailako benjaminetan, Ander Alduntzin eta Beñat Altzelai alde batetik eta Joseba Eskudero eta Joanes Illarregi bestetik. Oberenan, lehen mailako infantiletan, Aurrerako Sagastibeltza Lasarte eta Anartz Olano Oberenako bikotearen kontra ariko dira. Donibanen, lehen mailako alebinetan, Aurrerako Ander Eskudero eta Jon Lezea San Juango bikotearen kontra ariko dira. Larunbat arratsaldeko 16:00etan Elizondon, azkenik, lehen mailako kadetetan, Txarutako Apeztegia eta Arizmendi, Aurrerako Aldaregia eta Jaunarenaren kontra ariko dira.

Lizarrako lau terdiko txapelketa

Lizarrako lau terdiko txapelketan parte hartuko dute Aurrerako pilotariek igande arratsaldeko 16:00etatik aurrera. Infantil mailan, Mikel Sagastibeltza Egues, Mikel Sagastibeltza Lasarte, Ander Gartziarena, Markel Barriola eta Oier Igartua ariko dira eta kadete mailan, Ander Igartua.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun