N-121Ako lanek ez dute guttieneko kalitate eta seriotasun arauak betetzen

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 13a

NABAIko Maiorga Ramirezek hala dio eta zenbait galdera luzatu dizkio Nafarroako Gobernuari

Nafarroakoako Eusko Alkartasunako presidente eta NABAIko bozeramaile den Maiorga Ramirezek N121-A errepideko lanek ez dutela gaur egun edozein azpiegitura obrari eska dakioken kalitate eta seriotasun parametroak betetzen azpimarratu du. Honela, lur eroriak, bide mozketak txandakako pasabidearekin, proiektuaren aldaketak eta denboran luzatzen diren leherketak egunerokoak bihurtu direla dio NABAIko bozeramaleak eta horren inguruko galderak luzatu dizkioo Nafarroako Gobernuari.

Klimak ez luke eraginik izan beharko XXI. mendeko azpiegitura lan batean

Maiorga Ramirezek dioenez, “oraindik Berrizaungo bide mozketak eragin zituen eragozpenak ahaztu gabe genituenean, orain Endarlatsa aldeko lur eroria datorkigu. Bera ustez, lur eroria ez da euriaren eraginez gertatu, “harriak kasik egunero erortzen baitziren eta inork ez zuelako arriskua mugatzeko neurririk hartzen. Ongi kudeatzen den edozein lanetan klimaren gorabeherek ez dute eraginik izaten, baina N-121A errepidean ondorio larriak izaten ditu”. Hau dena kontuan hartuta, Nafarroako Gobernuak, “horrelako intzidentziarik ez gertatzeko neurririk hartu ote duen eta hala bada, ekimen horien berri ematen duten aktak aurkezten ahal ote dituen” galdetu du NABAIko bozeramaileak.

Proiektuaren aldaketak

Modu berean, proiektuan aurreikusi gabe zeuden aldaketak zein diren eta hauen kostua eta egiteko epea zehaztea eskatu dio Gobernuari, baita proiektuan zergatik ez ziren aurreikusi azaltzea ere. Lehenbiziko proiektuan ageri ez ziren obra hauek urrekontuetan eta lanak bukatzeko epean zer aldaketa suposatuko duten ere galdetu dio Maiorga Ramirezek Nafarroako Gobernuari.

Enarlatsako zubia heldu den astean

Bertze aldetik, N-121A errepidean lanik ikusgarrienetako bat, Endarlatsako zubi berria, heldu den astean paratuko dutela iragarri dute. Dagoeneko zubiaren tableroak eraikiak eta Endarlatsara eramanak daude eta hauek, erreka gainean jartzea bakarrik gelditzen da. Aipatzekoa dela, bakarrik erreka bazterretan bermatuko direla, erdiko zutaberik gabe.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun