Aziendak bueltatuko dira ortziraleko Doneztebeko ferietara

ttipi-ttapa 2008ko azaroaren 13a

Mingain urdinaren eritasunaren ondorioz iaz ez zen aziendarik ikusi Doneztebeko ferietan. Aurten bai izanen dira. TTIPI TTAPA

Arratsaldean, Nafarroako bigarren mailako aizkolari eta arpanlari txapelketak erabakiko dira

Bidasoaldean, udazkeneko bigarren feria iraganen da ortziralean, azaroaren 14an, Donezteben. Goizean, merkatuko plazan aziendak ikusteko eta erosteko aukera izanen da. Lehen baino azienda guttiago izaten bada ere, beharrik eskualdeko tratante batzuk lanean segitzen dutela eta horrela, oraindik kalitatezko buruak ikus daitezke, batez ere behietan. Bordatxo zegoeneko aparkalekuan, nekazaritzako tresna berrienen erakusketa ikusgai izanen da marka handiko saltzaileen eskutik. Azkenik, herriko karriketan barna ibiliz, bazterretan paratuko diren postuetan erosketak egiten ahalko dira. Ohi bezala hainbat gauzaren artean, elikagaiak ez dira faltako, hala nola, gasnak, ogia, eztia, baratxuria eta kontserbak bertzeak bertze. Kalitate-prezio kontrolik ahulena ere nekez pasatuko luketen arropak, oinetakoak, turroiak eta bertze hainbat produktu ere salgai izanen dira, hori bai merke-merke. Hala ere, azken urteek erakutsi dutenaren arabera, erosketak eta tratuak egiteko baino gehiago, jende artean egoteko eta ongi pasatzeko aukera pare gabea izanen dira Doneztebeko feriak.

Herri kirol jaialdia

Lagun artean bazkaldu ondotik, arratsalde partean herri kirolen jaialdia izanen da. Aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa eta Nafarroako bigarren mailako arpana txapelketa antolatu ditu, arratsaldeko 17:30ean udal pilotalekuan hasiko den jaialdian.

Nafarroako bigarren mailako aizkolari txapelketa

Nafarroako bigarren mailako aizkora txapelketako finalean Ander Erasun aurtiztarra, Luis Mari Belarra doneztebarra, Arostegiko Manuel Kañamares, Etxarri Aranazko Juan Jose Erdozia eta Altsasuko David Amillano ariko dira. Aizkolariek bortz enbor izanen dituzte ebakitzeko: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat. Aizkolarien eta arpanlarien saioen tartean, Unai Bertiz sunbildarrak eta Josetxo Urrutia leitzarrak harri-jasotze erakustaldia eskaniko dute.

Nafarroako bigarren mailako arpanlari txapelketa

Aizkolarien ondotik, arpanlarien txanda izanen da eta Nafarroako bigarren Mailako Arpana Txapelketa jokatuko da hemen ere. Saio honetan hiru bikotek parte hartuko dute: Berako Igor Lasaga eta Etxalarko Jabier Galarregi alde batetik; Auzako Ander Iribarren eta Beunzako Mikel Eugi bertzetik eta, azkenik, Oronoz Mugairiko Euken Mindegia eta Jesus Zelaieta. 45 ontzako enborrari 10 korte etzanda eta lau zutik egin beharko dizkiote.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun