Nafarroako sokatira txapelketa igande honetan abiatuko da Arbizun

Aitor AROTZENA 2008ko aza. 12a, 14:21
Joan den urteko txapelketako argazkian ageri diren Amaiurko mutil eta neskekin batera, Lesakako Beti Gazteko neskak izanen dira eskualdeko ordezkariak txapelketan. <br> TTIPI TTAPA

Hurrengo saioak Elizondon eta Lesakan eginen dira

Igande honetan, azaroak 16, abiatuko da Nafarroako Goma Gaineko 8x8 Sokatira Txapelketa. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehiatuko dira, 640 eta 600 kiloko kategorietan gizonezkoak eta 500 kiloko mailan emakumeak. Gizonetan bi taldek baino ez dute eman izena: Berriozarrek eta Amaiurrek. Bi kategorietan ariko dira eta beraz, bietako batentzat izanen da aurtengo txapela. Emakumezkoetan, aldiz, parte-hartzea zabalagoa izanen da. Lau taldek eman dute izena eta tartean daude eskualdeko bi: Lesakako Beti Gazte eta Amaiur. Beraiekin batera Sakana eta Txantrea lehiatuko dira.

Arbizukoaren ondotik, Elizondon eta Lesakan

Lehen saioa igande honetan jokatuko da Arbizuko kiroldegian, goizeko 11:00etan hasita. Gizonezkoen 640 kiloko kategoriako lehen jardunaldia eta emakumezkoen lehen jardunaldia Bigarren jardunaldia hilaren 22an jokatuko da Elizondoko frontoian, 640 kiloko bigarren jardunaldia gizonezkoentzat eta emakumezkoen bigarren jardunaldia, 17:00etan. Hirugarren eta azken saioa Lesakan izanen da hilaren 29an, 17:00etan udal pilotalekuan. Gizonezkoek 600 kiloko bi jardunaldiak orduan eginen dituzte eta emakumezkoek, 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun