Ortzegun honetan, azaroaren 13an abiatuko da Mariano Izeta bertso sariketaren hirugarren edizioa eta bi kanporaketa jokatu ondotik, azaroaren 29an eginen da finala Elizondon, elizaren ondoko aretoan. 18:00etan hasiko da azken saioa. Guztira 16 bertsolari arituko dira lehian eta horietatik seik baino ez dute lortuko finalerako txartela: kanporaketa bakoitzeko lehen sailkatuek eta puntuazioaren arabera bertze lau bertsolarik. Azaroaren 13an Iruñean jokatuko den lehenbiziko kanporaketan zortzi bertsolari hauek arituko dira: Iturengo Iker eta Egoitz Gorosterrazu, Berako Garazi Taberna, Gartzaingo Jon Elizetxe, Doneztebeko Maialen Belarra, Lesakako Ioar Tainta, Berako Patxi Castillo eta Iruñeko Saioa Alkaiza.
Bigarren kanporaketa Arbizun
Bigarren kanporaketa, berriz, Arbizun jokatuko da hurrengo ortziralean, azaroaren 21ean eta honako bertsolari hauek parte hartuko dute: Iruñeko Oier Lakuntza eta Iker Iriarte, Auritzko Aimar Karrika, Beteluko Aritz Saragueta, Iturengo Alazne Untxalo, Iraizotzeko Ekaitz Astiz, Etxarriko Eneko Lazkoz eta Leitzako Diego Riaño.
Mariano Izetaren omenez
Nafarroako Bertsozale elkarteak eta Baztandarren Biltzarrak antolatzen duten sariketa da eta helburua Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea da, 16 urtetik goitikoak baldin badira eta Nafarroako Bertsolari Txapelketako finalean parte hartu ez badute. Bi urtetik behin jokatzen da, antolatzen ez den urteetan Xalto sariketa jokatzen baita. Aitzineko edizioetako txapeldunak Elizondoko Jon Barberena eta Iruñeko Oier Lakuntza izan ziren, 2004an eta 2006an, hurrenez hurren. Mariano Izeta elizondarraren izena eman zioten sariketa honi, Izetak herri kultura eta bereziki bertsolaritzaren alde egindako lana eskertu nahian. Mariano 1915ean jaio zen Elizondon, eta herri berean hil zen 2001ean. Lanbidez erloju-konpontzailea zen, baina horrez gain, lan haundia egin zuen herri kultura eta ondarea biltzen eta ezagutarazten. Egindako guztiagatik Baztago seme kuttuna izendatu zuten. Idazlea, Nafar Izkuntzako kolaboratzailea, Euskaltzaindiako kidea, Baztango hiztegien egilea, mutil-dantzen sustatzailea... Bertsolaritzaren alde ere lan haundia egin zuen eta Nafarroako Bertsozale Elkarteko ohorezko presidentea izan zen.
Azaroaren 22an bertso bazkaria Lesakan
Bertso kontuekin segituz, heldu den larunbatean, azaroaren 22an, eguerdiko ordubietan Bortzirietako Bertso Eskolak antolatutako bertso bazkaria izanen da Lesakako Arrano elkartean. Josu Goikoetxea gai emailearen zuzendaritzapean, Igor Elortza eta Iker Zubeldia bertsolariak ariko dira. Izen ematea Arranon bertan egiten ahal da edo 618 963011 telefono zenbakian edo bortziribertso@gmail.com helbide elektronikoan, eta 15 euro ordaindu behar da.