Nafarroako hainbat udal eta mankomunitatetako ordezkariek agerraldia egin dute azaroaren 11 goizean Parlamentuan eta 2008ko Aurrekontuen Legean onetsi bezala, euskara erabiltzen duten hedabideentzako diru-laguntzen deialdia aurten egin, eta agindutako 310.000 euroak euskarazko hedabideen artean bana ditzala eta ez dezatela murrizketarik egin 2009ko aurrekontuetan berez eskasak diren Euskararentzako kontu-sailetan eskatu diote nafarroako Gobernuari, Hezkuntza Departamentuari eta Euskarabideari.
Eskualdeko udal eta komunikabideetako ordezkariak
Eskualdeari dagokionez, agerraldian izan dira Josu Iratzoki Berako alkatea, Xabier Zabalo leitzako alkatea, Esther Lakasta Nafarroako Iparraldeko Mankomunitateko teknikaria eta Xorroxin Irratiko, Xaloa Telebistako eta Ttipi-ttapa telebista eta hamabostekariko kazetariak. Izan ere, Bortzirietako Mankomunitateko udalek, Baztango udalak, Iparraldeko Mankomunitatekoek, Uharte eta Esteribarko Zerbitzu Mankomunitateak, Sakanako Mankomunitateak, Aezkoako juntak eta Berriozarko Udalak bat egin dute ekimenarekin.
Komunikabideak kinka larrian
Idatzian aipatu dutenez, kezkatuak ageri dira udal hauek Nafarroako Gobernuak 2008. urteko euskararentzako kontu-sail batzuk bloketau dituelako, “bereziki komunikabideetan euskara sustatzeko diru-laguntzen deialdiari dagokiona eta, bertzetik, 2009. Urterako Euskarabideko aurrekontuetan iragarri diren murrizketengatik». Kaltetuen artean kaltetuenak Nafarroako euskarazko hedabideak izan direla aipatu dute, “ez baita oraingoz horiek sustatzeko diru-laguntzen deialdirik egin eta horrek kinka larrian uzten ditu gure eskualdetako hedabideak”.
Aurtengoa oraindik kobratu ez eta heldu den urteari begira %97ko jautsiera
Aurtengoari dagokionez, dirulaguntzarik ez emateko erabakia gauzatuz gero, Euskararen Legea eta aurrekontuen legea bera ere urratuko direla aipatu dute alkateek “2008ko aurrekontuetan Nafarroako Parlamentuak 310.000 euroko kontu-sail bat onetsi baitzuen, urtero bezala, euskara erabiltzen duten komunikabideen artean banatzeko”. Hori horrela ez bada, hedabide horien baliabidek murriztuko dira eta batzuk desagertze bidean aurkituko dira. Heldu den urteari begira gauzak ez daude hobe, izan ere, Nafarroako euskarazko hedabide guzientzat 9.500 euroko laguntza izanen dela aipatu baitu Nafarroako Gobernuak eta horrek, kasik %97ko jautsiera suposatuko luke.