Eskualdeko lehenbizikoetarikoa izan zen Doneztebarrak Merkatarien Elkarteak eta egoerak hala eskatuta, bizitasun haundiarekin egin zituen lehen urratsak. 2006ko urtarrilean lehen hartu-emanak izan eta urte horretako maiatzerako elkartea lanean ari zen. Merkataritza aldetik indartsua izan da betidanik Doneztebe, Malerrekako gainerako herri ttikien bilgune. Eta hala izaten segitzeko sortu zen Elkartea. Helburu horrekin dihardu oraindik ere, “eskualdean erreferente izan eta jendea erosketak egitera kanpora joateko beharrik ez duela konturatzeko”. Hori azpimarratu digu Elena Eraso Doneztebarrak Merkatarien Elkarteko lehendakari berriak.
Ez da Eraso hasieratik elkarteak izan duen lehendakaria. Bera berria da, duela sei hilabete izendatu baitzuten lehendakari, elkarteak bi urte egin zituenean eta zuzendaritza berria izendatzea tokatu zenean. Berarekin batera, Maite Ibarrola izendatu zuten lehendakariorde. Pilar Olalla ere berria da zuzendaritza batzordean, eta bera idazkaria da. Diruzaina, berriz, Resu Etxebeste da, eta Amaia Pikabea, Jesus Mari Ruiz, Maite Ostiz, Juan J. Pikabea eta Ainara Mendia dira gainerako batzordekideak. Horiek osatzen dute Doneztebarrak Merkatari Elkartearen Zuzendaritza Batzorde berria.
57 bazkide dituen elkartea
Duela bi urte baino bazkide gehiago ditu orain elkarteak, 57 guztira. Gainera, dendak ez ezik, tailerrak, ostatuak eta bertze hainbat zerbitzu ere biltzen ditu.
Bakoitzaren eguneroko lana desberdina izanta ere, helburu berak biltzen ditu guztiak: jendea herrian gelditzea nahi dute eta horretarako kalitatezko zerbitzua eskaintzen saiatzen dira. Izan ere, bertze merkatari elkarteetan bezala, merkataritza gune haundiak eta jendeak erosketak egitera kanpora joateko duen ohitura dira Doneztebarrak elkartearen buruhausterik haundienak: ˝inguruko jendea kanpora joaten da erosketak egitera, herriko komertzioen esfortzua baloratu gabe.
Horren ondorioz, herriko komertzioak itxi egiten dira eta horrek pobre uzten du herria”. Elkarteko buruak argi du, herrian zenbat eta denda guttiago egon, orduan eta jende guttiago ibiltzen dela karriketan. Eta beraz, “argitasun eta segurtasun guttiago dago”, dio Erasok, “bizitzarik ez herrietan”.
Arraiozko merkataritza guneak zenbaiteraino arduratzen ote dituen galdetuta, Arraiozkoa bertze bat gehiago dela erantzun digu lehendakariak: “Arraiozkoa proiektu sonatuagoa da, baina orain ere baditugu: Alcampo, Mendibil, Itaroa…”.
Urte akaberari begira egitasmo aunitz buruan
Udazkeneko kanpaina bukatu berria dute Doneztebarrak Merkatarien Elkartekoek, baina Eguberriei begira jarri dira. Hainbat kanpaina zehaztu dituzte dagoeneko:
Azaroak 14 - abenduak 2
Merkatarien Elkarteko bazkide diren establezimenduetan erosteagatik Eguberrietan zabalduko den Txiki Parkerako 50 sarreraren zozketak parte hartzeko aukera izanen dute bezeroek.
Abenduak 4 - 22
Erosketa-txartelen kanpainari ekinen diote, bezeroek Eguberrietako erosketetetan inberti dezaten. Erosketa-txartelen zozketa eginen da, bazkide diren establezimendu bakoitzeko txartel bana zozketatuz.
Abenduak 22 - urtarrilak 4
12-13 urte bitarteko neska-mutikoentzat Txiki Park jolas-parkea paratuko dute. Horretarako, udalaren eta herriko gainerako merkatarien laguntza ere jaso dute Doneztebarra elkartean.
Eguberrietan
Fatxada eta balkoien lehiaketa eginen da. Eguberrietako apaingarriekin dekoratutako etxe-aurrealde edo balkoiek sartuko dira lehiaketan.
Bertzelakoak
Udalak erakusleiho lehiaketa ere proposatu du.
Azken bi kanpaina horietan, sariak erosketa-txartelak izanen dira, eta jendeak botoa eman beharko du parte hartzeko.
Kanpaina ugaria, baina nahia bakarra: “ekimen hauekin haur zein helduengana iritsi nahi dugu, eta jendea Doneztebera etortzea espero dugu, herri honek komertzio eta jarduera andana eskaintzen dituela ikus dezaten, eta bide batez, gozatu ere egin daitekeela ohar daitezen˝.