Bidasoaldean, udazkeneko bigarren feria iraganen da ortziralean Donezteben. Goizean, merkatuko plazan aziendak ikusteko eta erosteko aukera izanen da. Lehen baino azienda guttiago izaten bada ere, eskerrak eskualdeko tratante batzuei, oraindik kalitatezko buruak ikus daitezke, batez ere behietan. Bordatxo zegoeneko aparkalekuan, nekazaritzako tresna berrienen erakusketa ikusgai izanen da marka handiko saltzaileen eskutik
. Azkenik, herriko karriketan barna ibiliz, bazterretan paratuko diren postuetan erosketak egiten ahalko dira. Ohi bezala hainbat gauzaren artean, elikagaiak ez dira faltako, hala nola, gasnak, ogia, eztia, baratxuria eta kontserbak bertzeak bertze. Hala ere, azken urteek erakutsi dutenaren arabera, erosketak eta tratuak egiteko baino gehiago, jende artean egoteko eta ongi pasatzeko aukera pare gabea izanen dira Doneztebeko feriak.
Herri kirol jaialdia
Lagun artean bazkaldu ondotik, arratsalde partean herri kirolen jaialdia izanen da. Aurten ere Nafarroako Herri Kirol Federazioak Nafarroako III.mailako aizkolari txapelketa eta Nafarroako II. mailako arpana txapelketa antolatu du. Aizkolarien eta arpanlarien saioen tartean, eskualdeko bi harri-jasotzailek erakustaldia eskaniko dute Unai Bertiz eta Josetxo Urrutiak. 17:30etik aitzinera izanen da eskolako gimnasioan. Xehetasun gehiago Kirolen ataleko orrialdeetan izanen duzu .