Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatuz manifestazioa azaroaren 22an Iruñean

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Herritarrak manifestazioa aurkeztu zuten egunean. TTIPI TTAPA

Horrez gain, manifestu bat ere aurkeztu eta horren aldeko sinadura bilketa abiatu dute

'Euskaraz bizitzeko eskubidearen alde, ofizialtasuna orain!' lelopean manifestazioa deitu dute Nafarroako hainbat herritarrek azaroaren 22rako. Iruñean izanen da, eta Golem zinematik abiatuko da 17:00etan. Nafarroa osoan euskararen ofizialtasunaren aldeko manifestua aurkeztu zuten egunean deitu zuten manifestazioa herritarrek. Dagoeneko 30 laguneko talde batek sinatu du aipatu manifestua, eta tartean, euskara teknikariak, unibertsitateko irakasleak, sindikalistak, kirolariak, euskaltzaleak, bertsolariak eta abar daude. Egun Nafarroan euskararen inguruan dagoen hizkuntza politika eta hori biltzen duen legea kritikatzen dira manifestuan, baita euskaraz bizitzeko Nafarroan dagoen ezintasuna ere: «euskaraz ikasteko ezintasuna, isunak, euskararentzako dirulaguntzen murrizketa, administrazioarekin harremanak euskaraz izateko trabak... orriak eta orriak betetzeko adina eskubide urraketa gertatu dira Euskararen Legea onartu zenetik». Manifestu horren aldeko atxikimendua bildu nahi dute, eta hala, «euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu nahi duten guztiei deia egiten diegu manifestuarekin bat egin eta manifestaziora joan daitezen».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun