Hiru kanporaketetan lehian ibili diren 16 bertsolarietatik zortzi ariko dira igande honetan, azaroak 15, Donibane Lohizunen jokatuko den lehendabiziko Iparraldeko Bertsulari Xapelketaren finalean.
Donibane Garazin egin zen lehendabiziko kanporaketatik Sustrai Colina urruñarra eta Maddalen Arzallus hendaiarra zuzenean sailkatu ziren finalera, puntuazio berdinarekin; Luhuson egindako bigarren saiotik Amets Arzallus hendaiarra eta Karlos Aizpurua saratarra pasatu ziren zuzenean finalera eta Urdiñarbeko finalaurrekotiko lehenbiziko sailkatuak, eta beraz, finalerako txartela eskuratu zutenak, Odei Barroso urruñarra eta Miren Artetxe hendaiarra izan ziren. Zortzikotea osatzeko falta ziren bertsolariak hiru kanporaketetan puntu gehien lortu zituzten bertze biak dira: Xumai Murua azkaindarra eta Ekhi Erramundegi baionarra. Dena den, aipatu, Erramundegik Mixel Aire Xalbador II.a urepeldarraren puntu berdinak jaso zituela, baina araudiaren arabera, Erramundegi pasatu zen finalera.
Zortzi bertsolariok Donibane Lohizuneko Jai Alai pilotalekuan izanen dira igande honetan. 17:00etan hasiko da finala.