Luberriako lanak laster bururatuko dira

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Jakes Casaubonek hurbiletik segitu ditu Luberriako lanak. Orain Miarritzen hartu du erretiroa baina herriko berriak ongi segitzen ditu 83 urteko senperezaleak. TTIPI TTAPA

Casaubonen ustez, urtegiak alde onak ditu baina ez da aski izanen

20 urteko proiektua egia bilakatuko da ondoko egunetan Luberriako urtegia estreinatzean. Gaur egun Ipar Euskal Herrian egiten ari den obrarik haundiena da, orotarat hamar miliun euro pasatxoko gastua sortu baitu. Cherchebruit, Ainhoa eta Dantxarinea artean eraiki duten urtegia Frantziako Gobernuak, Akitaniako lurralde kontseiluak, Pirineo Atlanti-koetako Kontseilu Nagusiak eta Urdazuri aldeko herriek ordainduko dute. 1983ko abuztuaren 26an, uholdeak gertatu ziren Urdazuri ibaia bere bidetik atera zelarik. Kalte haundiak sortu ziren Senperen eta berehala urtegia egiteko beharra agertu zen, baina hautetsiek 20 urte behar izan dituzte ideia egia bihur dadin. Christine Bessonart andere auzapezak lan haundia egin du urteotan lanak egiteko Luberrian, orain arte laborariek baliatu dituzten lurretan. Urtegia hutsa eta idorra izanen da, uholde egunetan baizik ez da beteko eta ura eztikiago ixuriko da. Denbora gehiago izanen omen da herritarrei uholdeen berri emateko.

‘Ona, baina ez nahikoa’

Jakes Casaubon izurarrak ongi ezagutzen du Senpere oihanzain egon baitzen zonbait urtez. Bere ustez, «urtegiak gauza ainitz ekarriko dio Senpereri». Baxe nafartarrak dio «uholdeen egunean ez duela ura geldituko baina kasik metra bat gutiago litakeela. Etxe ainitzetan ez da, beraz, gehiago urik sartuko». Gainerat, ehun urteko uholdeak apalagoak izanen dira eta ura ez omen da gehiago kasik aterako. Dena den, Casaubonek argi du Luberria ez dela aski eta behar dela lanean segitu Saran eta Ortzango aldean. «Hautetsiek ez dute kontuan hartu adituen txostenak zioena, hau da, urtegia egiteaz gain, alde guzietatik ixurtzen den ura ere behar dela gelditu». Casaubonek gogoratzen du Luluako gainean ura gelditzeko egin zen lana. «Ez da Jainkoari esker obra haundia hortik etortzen zen ura gelditzeko. Lehen, edozoin ekaitzetan eta euri haundietan, ur guzia karrika nagusirat jausten zen eta dena zikintzen zuen». Malda haundia baitzuen dena itotzen zuela oroitzen da Jakes. «Presa ttiki hori egitea aski izan da, uzten du ura pasatzen, haunditzen delarik oren pare batez metatzen du eta ez da gehiago heldu karrikarat». Casaubonek gogoratzen duenez, «uholdeek ez dute luzaz irauten, aski gora joaten da baina fite beheititzen da». Bere erranetan, Saran badituzte toki egokiak presa ttikiak egiteko baina aintziran ez da hain errexa etxe ainitz altxatu baita azken urteetan. Halere, badira bizpahiru toki urtegitxoak egiteko Motxokobordako errekan.

Jakesek dio 2007ko maiatzeko uholdeetan Urdazuri ibaia atera zela baina erreka ttikiak ere hantu ziren eta kalteak sortu baitzituzten, arrasta bat eman behar zaie, noiznahi gertatuko baita berriz ere desmasia bera. Luluan egin zuten, ez zen ainitz gosta eta geroztik ez da gehiago urik ixuri karrika nagusirat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun