Eskualde guztira zabaldu nahi dute Doneztebeko Erremonte Eskola

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 11a, 14:09
Erremontelari gazteak Lander irakaslearekin batera. TTIPI TTAPA

13-16 urteko gazteei dago irekia

Erremonteak inon tokirik baldin badu, hori Doneztebe da. Erremonteari hagitz lotuta dagoen herria izan baita betidanik. Erremontelari haundiak eman dituen eta ematen ari den herria ere bada: Koteto, Lizaso, Uterga, Olazar... Baina Doneztebe inguruan ere izen haundiko erremontelariak badira, hala nola, Migel Mari Urrutia. Kirolari horiek guztiak Doneztebeko Erremonte Eskolan hasitakoak dira.

Urte batzuetako geldialdiaren ondotik, 2006ko urrian berriz martxan jarri zen Erremonte Eskola, eta orain Malerrekatik kanpo, eremu zabalagoa hartu nahian, erremontean aritzeko gonbita luzatu diete ikasi nahi duten guztiei.

13 urtetik 16 urtera bitartean dituzten gazteek erremontean ari nahi badute, Doneztebeko frontoian dute aukera. Horretarako Lander erremonte irakaslearekin jarri beharko dute harremanetan, 659 784349 telefonora deituta. Klaseak ortziraletan izaten dira, 18:00etatik 22:00-etara bitarte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun