Igande honetan hasiko da Arbizun Nafarroako Goma Gaineko 8x8 Sokatira Txapelketa

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Beti Gazteko neskak joan den urteko Nafarroako Sokatira Txapelketan. TTIPI TTAPA

Gizonetan bi talde baino ez daude

Igande honetan, azaroak 16, abiatuko da Nafarroako Goma Gaineko 8x8 Sokatira Txapelketa. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehiatuko dira, 640 eta 600 kiloko kategorietan gizonezkoak eta 500 kiloko mailan neskak.

Gizonetan bi taldek baino ez dute eman izena: Berriozarrek eta Amaiurrek. Bi kategorietan ariko dira eta beraz, bietako batentzat izanen da aurtengo txapela.

Emakumezkoetan, aldiz, parte-hartzea zabalagoa izanen da. Bortz taldek eman dute izena eta tartean daude eskualdeko bi: Lesakako Beti Gazte eta Amaiur. Gainerakoak, Sakana, Txantrea eta Berriozar dira. Lehen saioa igande honetan jokatuko da Arbizun, 12:00etan hasita. Bigarren jardunaldia hilaren 22an jokatuko da eta hirugarrena eta azkena Lesakan hilaren 29an, 17:00etan pilotalekuan.

Emakumezkoetan hiru jardunaldi jokatuko dira eta gizonezkoetan bi jardunaldi maila bakoitzean. 640 kiloko lehiak hilaren 16an eta 22an eta 600 kiloko bi lehiak 29an.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun