Islama, guztion ondarea lelopean, xenofobia eta arrazismoaren aurkako erakusketa ikusgai dago Donezteben, Telletxea Altzarien lokal zaharrean. Azaroaren 3an zabaldu zuten eta ortziral honetan, azaroak 14, itxiko dute. Islamiar kulturaren Fundazioak egindako erakusketa hau Euskal Herriko hainbat herritan ibili da, eta Bidelagun Elkartearen bidez ailegatu da eskualdera. 36 panel eta zazpi mahai ditu, eta bertzelako informazioa ere eskaintzen du. Kultura islamiarra gure gizartean onartzea da helburua, eta «kultura horren aurka dauden aurreiritzien aurka borrokatzea. Kultura hori geografikoki eta historikoki hurbil badago ere, sarritan ez da ezagutzen». Hala adierazi zuen Isidro Herguedas Bidelagun Elkarteko koordinatzaileak urriaren 31n egindako aurkezpenean –argazkian–. «Gure eskolako ume eta ikasleak, eta interesa dutenak, islamera eta zibiliazio haundi horrek adierazten duen guztira hurbildu nahi ditugu».