Herri kirol jaialdi haundia izanen da ortziral honetan Doneztebeko ferien barne

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 11a, 14:00
Joan den urtean ere, Doneztebeko ferien egunean jokatu zen Nafarroako Bigarren Mailako Arpana txapelketa eta argazkian ageri den Portu eta Txoperena bikotea atera zen garaile. TTIPI TTAPA

Nafarroako Bigarren Mailako Aizkora eta Arpana txapelketak jokatuko dira pilotalekuan

Urtero bezala, herrian eta inguruan herri kirolek sortzen duten zaletasunarik hutsik egin gabe, jaialdi haundia ikusteko aukera izanen da ortziral honetan, azaroak 14, Doneztebeko ferien barne. Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, Udal Pilotalekuan jokatuko dira saioak, 17:30etik aitzinera.

Alde batetik, Nafarroako Bigarren Mailako Aizkora Txapelketako finala jokatuko da. Hauek ariko dira lehian: Ander Erasun (Aurtitz), Luis Mª Belarra (Doneztebe), Manuel Kañamares (Arostegi), Juan Jose Erdozia (Etxarri Arantz) eta David Amillano (Altsasu). Aizkolariek bortz enbor izanen dituzte ebakitzeko: bi kanaerdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat.

Arpanlarien saioa

Aizkolarien ondotik, arpanlarien txanda izanen da eta Nafarroako Bigarren Mailako Arpana Txapelketa jokatuko da. Saio honetan hiru bikotek parte hartuko dute: Igor Lasaga (Bera) eta Jabier Galarregi (Etxalar) bikoteak; Ander Iribarren (Auza) eta Mikel Eugik (Beunza); eta Euken Mindegia eta Jesus Zelaietak (Oronoz-Mugairi). 45 ontzako enborrari 10 korte etzanda eta lau zutik egin beharko dizkiote.

Erakustaldia

Aizkolari eta arpanlarien saioen tartean, bi harri-jasotzailek erakustaldia eskainiko dute: Unai Bertiz sunbildarrak eta Josetxo Urrutia leitzarrak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun