Landagain eskolako zabaltze lanak inauguratu dituzte

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Irakasle, ikasle, guraso eta zinegotziak inaugurazio ekitaldian. TTIPI TTAPA

440.000 euroko aurrekontua izan dute eta Gobernuak erdia eman du

Dagoeneko 18 urte pasa dira Landagain eskola ireki zenetik, baina azken urtetan jaiotako haur kopurua dela-eta, ikastetxea txiki geldituko zela aurreikusi zuten eskolako kontseiluak eta Udalak. Horregatik hainbat tramite burutu zituen Udalak eskola handitzeko. 2007ko udazkenean ekin zioten obrari, eta urtebete pasa ondotik, joan den urriaren 29an egin zen inagurazio ofiziala.

Inagurazio ekitaldian Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Kontseilariarekin batera, alkate eta zinegotziak izan ziren, baita eskolako zuzendaria, Bortzirietako koordinatzailea, zonaldeko inspektorea eta gainerako irakasleak ere. Ekitaldi xumea izan zen. Hasteko Junkal Altzugun zuzendariak, Patxiku Irisarri alkateak eta Carlos Perez-Nievas kontseilariak hitza hartu zuten eta obraren eta eskolaren hainbat xehetasun aipatu zituzten. Gero eskola bisitatu zuten, tartean guraso batzuek ere bai. Ondotik, hamaiketakoa eskaini zitzaien bertaratu ziren guztiei.

Obra hauekin eskolak hainbat gela berri ditu: lehenengo solairuan gimnasioa eta haur hezkuntzako gela bat; bigarrenean haur hezkuntzako gela bat, bikoizketa gela bat, ingelesa gela bat eta orientatzailearentzako bertze bat; eta azken pisuan 3. zikloko gela bat, informatika gela eta liburutegia. Obra hauek 440.000 euro inguruko aurrekontua izan dute eta Gobernuak erdia bakarrik subentzionatu du.

Inaugurazio eguna aste barruan izan zenez eta jende anitz ikusteko aukerarik gabe gelditu zenez, Udalak azaroaren 1ean eskolako ateak ireki zituen eta jende anitz hurbildu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun