Aurten oraindik laguntzarik banatu ez duenean, 2009rako murrizketak iragarri ditu Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 11

Hurrengo urteari begira, 9.567 euroko kontu-saila onartu du euskarazko hedabide guztientzako

Behin eta berriz laguntza exijitu arren, alferrik. Aurrekontu murrizketa aitzakia hartuta, euskara erabiltzen duten hedabideek ez dute dirulaguntzarik jaso oraindik aurten, eta itxura guztien arabera, ez dute jasoko. Urtea bukatzeko bi hilabete eskas gelditzen direnean, hedabideetan euskara erabiltzeko onartutako partidak blokeatuta segitzen baitu. Nafarroako Gobernuak 2008ko aurrekontuetan hedabideetan euskararen erabilera sustatzeko 310.000 euro iragarri zituen; baina ez du dirurik banatu eta gainera, 2009ko aurrekontuetan ere murrizketak izanen direla aitzineratu du. Alegia, inoiz baino diru guttiago banatuko du.

Ekainean aurrekontuetan murrizketak eginen zituela erran zuenean, batez ere, Euskarabideko aurrekontua murriztu zuen; eta heldu den urteari begira ere, murrizketa haundiena Euskarabideak jasanen du. Eta Euskarabidearen barrenean, euskarazko hedabideek nabarituko dituzte ondorioak batez ere.

Hurrengo urterako ia %100eko murrizketak iragarri ditu Miguel Sanzen Gobernuak euskarazko hedabideentzat. Hedabideetan euskara indartzeko 9.567 euro onartu dira 2009rako, hedabide guztien artean banatzeko –40tik goiti–. 2008rako iragarriak ziren 310.000 euroak baino %96,91 ttikiagoa da onartutako diru saila.

Halere, Euskarabideako goi-karguen soldatetara bideratutako partida nabarmen hazi da: 2008an baino %201,37 gehiago banatuko da soldatetan. Aurten 58.842 euroko diru saila bazen, 2009an 177.331 eurokoa izanen da.

Ondoko taulan, alde batetik, 2008rako hasiera batean iragarri ziren kontu-sailak ageri dira –nahiz eta ez diren banatu–, eta bertzetik, 2009rako iragarritakoak ageri dira. Urte batetik bertzera iragarritako murrizketa ehunekoetan bildu da.

Datuak atxikiak daude

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun