Biztanleria gero eta zaharragoa da. Geroz eta gazte guttiago dago; bizi-itxaropena gero eta luzeagoa da eta adineko aunitz dago. Datuek ere hala erakusten dute: Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin, biztanleriaren %23 inguru 65 urtetik goitikoa da; Bortzirietan, berriz, populazioaren %18 inguruk 65 urte baino gehiago ditu eta Malerrekan ere datuak adierazgarriak dira: biztanleriaren %18 baino gehiago 65 urtetik goitikoa da. Populazioa zahartzearekin batera, gizartearen eredua aldatu egin da eta urteetan etxeko adinekoa zaintzeaz arduratu den emakumea lan mundura sartu da. Egoera horrek eta bertze hainbat arrazoik behartuta adinekoei zerbitzu berriak eskaintzen zaizkie orain: etxez etxeko zerbitzua, zaharren egoitza, pisu tutelatuak edo tutoretzapekoak, eguneko zentroa... Etxez etxeko zerbitzua ongi errotutako zerbitzua da inguruan; hiru zaharren egoitza daude eskualdean –Beran, Elizondon eta Lesakan–; Donezteben pisu tutelatuak daude. Baina eguneko zentroa? Hasi Bidasoa aldetik eta Baztan aldera arteko adinekoentzat eguneko zentroa egitekoa zen Donezteben, baina azkenean ez. Bertan behera gelditu da egitasmoa.
Eraiki aitzinetik, Malerrekako Mankomunitatean buruhauste franko sortu ditu Donezteben eguneko zentroa eraikitzeko proiektuak. Halako gune baten beharra ikusten dute Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean, Malerrekan dagoen adinekoen kopurua altua delako eta menpekotasunen bat dutenak ere ez direlako gutti. 65 urtetik goitikoak biztanleriaren %18,3 dira, eta kopuru horren %28, 80 urte baino gehiagokoak dira. 65 eta 70 urteen artean dauden gehienak gizonezkoak dira, eta 80 urtetik goitiko gehienak, berriz, emakumezkoak. Gisa berean, aipatzekoa da, 60 urtetik goitikoen ia %29, 75 urte baino gehiago dituzten ezkongabeak direla, gizonezkoak batez ere. Menpekotasun haundia eta larria zenbatek duten jakiteko ikerketa bat ere egin zuen Gobernuak eta 90 kasu zenbatu zituen adinekoen artean. Panorama zein den ikusita sortu zen eguneko zentroa eraikitzeko asmoa, baina Malerrekako Mankomunitatea osatzen duten 15 herrietako ordezkariek eguneko zentroaren egitasmoa momentuz alde batera uztea erabaki dute. Batzuk alde, bertzeak kontra. Baina gehiengo osoz utzi dute alde batera eguneko zentroaren ideia. Arrazoi ugari dago horren gibelean, baina nagusiena alderdi ekonomikoa izan da.
Zenbaki haundiak diru gutti duten herrientzako
3.057.643 euroko aurrekontu batez ari gara –altzariak eta gainerakoak kontuan hartu gabe–, eta Nafarroako Gobernuak %30eko laguntza baino ez zuen iragarria. Hala, herriek guztien artean ordaindu beharko lukete proiektua, eta horretarako dirurik ez dago. Kontu-hartzailearen txostenak ere halaxe zioen, Malerrekako Mankomunitatea ez dela gai halako inbertsio batean sartzeko.
Biztanleriaren arabera, inbertsioari aitzin egiteko, Beintza-Labaienek 69.706 euro ordaindu beharko lituzke; Bertizaranak 178.077 euro; Donamariak 117.629 euro; Doneztebek 441.654 euro; Elgorriagak 62.898 euro; Eratsunek 50.918 euro; Ezkurrak 51.462 euro; Iturenek 132.060 euro; Oitzek 42.749 euro; Saldiasek 35.669 euro; Urrotzek 52.551 euro; Zubietak 86.315 euro eta Sunbillak 119.588 euro. Zenbaki haundiak dira herri ttikientzat.
Baina eguneko zentroa beharrezkoa ote litzatekeen galdetuta, ez dute zalantzarik izan Begoña Alberro eta Irantzu Izeta Malerrekako Gizarte Zerbitzuetako teknikariek: «arras ona izanen litzateke Donezteben. Funtzionatuko luke. Adinekoek etxean bizitzen segitzen aukera izanen lukete, eta egunean zehar etxean ez dituzten zerbitzu batzuk jasoko lituzkete».
Sanzen 500.000 euroak
Duela bi urte Arkupeak Elkarteak egindako besta batera etorri zen Miguel Sanz Nafarroako presidentea, eta Donezteben zaharren egoitza egiteko 500.000 euroko laguntza emanen zuela adierazi zuen. Zahar-etxe baten beharrik ote zen ikusteko ikerketa bat egin zen orduan, baina Zaharrentzako egoitzak Elizondon, Beran eta Lesakan izanik, alde horretatik hutsunerik ez dagoela ikusi zen, eta dirulaguntza hori eguneko zentro batentzat izatera pasatu zen. Diru hori inbertitzeko hasi ziren mugitzen, baina momentuz bederen, eguneko zentro batean inbertitu gabe geldituko da.