• Duela gutti izendatu zuten Mattin Oronoz Sarako Gaztetxeko lehendakari, eta sartu berria bada ere, Gaztetxea eta gazteak euskalduntzeko gogoz dago.
• Iparraldeko eta Hegoaldeko bertze gazteekin batera, hilaren 29an Saran eginen den Gazte Eguna da orain eskuartean duten proiektu nagusia.
• Oraingoz, Sara, Arantza, Bera, Lesaka, Azkaine, Urruña, Kanbo, Donamaria, Donibane Lohizune eta Elizondoko gazteek hartuko dute parte, baina ekimena gazte euskaldun guztiei zabaldu diete.
Azaroaren 29an lehendabiziko aldiz Iparraldeko eta Hegoaldeko gazteen eguna eginen da Saran. Nola doaz prestaketa lanak?
Lan haundia da baina nahiko aitzineratuak doaz. Lana batez ere zer behar den pentsatzeak ematen du, material guztia biltzeak... Gauza anitz dira. Gaztetxeen artean lehen aldiz eginen da Iparraldean horrelako egun bat eta ahal bezain hobekien ateratzea nahi dugu.
Noiz hasi zineten antolatzen?
Duela hilabete batzuk hasi ginen. Emili Leizagoien, lehenagoko lehendakaria, Hegoaldeko gazteen bilkura batera joan zen eta han gazte eguna Iparraldean egitea aipatu zuten. Motibatu gintuzten eta Saran egitea erabaki zen. Aurtengo Gazte Egunaren ondotik, segida emateko asmoa dugu eta urtero egiten saiatuko gara.
Zein herriko gazteek hartuko duzue parte?
Iparraldeko eta Hegoaldeko nahasketa bat izanen da. Momentuz, parte hartuko dugunak Sara, Arantza, Lesaka, Bera, Azkaine, Urruña, Donamaria, Kanbo, Donibane Lohizune eta Elizondoko gazteak gara. Halere, bertze herrietako gazte asanbladei ere mezua helarazi nahi diegu. Iparraldean gazte asanblada anitz ez direnez, gaztetxeei zabalduko diegu mezua. Proposatu diegun guztiek baiezkoa eman digute eta laguntzeko prest daude. Baina gazte euskaldun guztiei irekia dago.
Zein da topaketa honen helburua?
Lemak dioen bezala, mugak hautsiz, gaztedia aitzinera. Helbururik nagusiena gure hesien gainetik gazteen arteko harremanak lotzea da, elkar ezagutu eta anaitasun bat sortzea gure artean. Mugaren oztopoa gainditzea nahi dugu, eta hau Euskal Herria dela ulertarazi nahi diogu jendeari. Elkartasunaren bidez independentziaren alde aitzinera egin nahi dugu.
Egun horretarako behar duzuen guztia gazte asanblada edo gaztetxeek paratuko duzue?
Musika taldeei urririk etortzeko eskatu diegu eta denak ados dira. Behar den gainerako guztia, gaztetxe eta gazte asanbladen arteko diruarekin erosiko dugu.
Zein izanen da egitaraua?
Goizean, 10:30ean txistulariak karriketan ibiliko dira, eta ekitaldi labur bat eginen da jendeari zertarako bildu garen errateko. Txalaparta eta bertsolariak ere izanen dira. Gero kontrabandisten inguruko hitzaldia izanen da, gure arbasoen bizia hori baitzen. Bazkaria egiteko pasta txapelketa antolatu dugu gaztetxeen artean. Bazkalondoan, jokoak izanen dira: kantuak, xiba jokoak, sokatira... Gero kalejira edo manifestazio animatua eginen da, eta gauean afaria. Tartean Abiadura Haundiko Trenaren kontrako ekitaldiren bat egiteko asmoa ere badugu. Azkenik, 22:30ean kontzertuak hasiko dira: Gaztetxe Band, Garraxi, Aizkor erauntsia... Bozpasei talde izanen dira, denak ingurukoak.