Amuarrain kopurua %14 handitu da urte batean, baina egoera txarra da oraindik

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 10a

Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak aurki erabakiko du goiko amuarrain eremuan amuarrain arrunta arrantzatzeko debekuarekin zer egin

Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilaria Arrantzako Aholkularitza Batzordearen bilerako buru izan da aste honetan. Nafarroako arrantza elkarteak eta Departamentuko kideak Arrantzako Aholkularitza Batzordeko kide dira, eta asteazkeneko bileran Nafarroako amuarrain arrunten kopuruari buruzko datuak eman zituzten ezagutzera.

%14 goiti baina kopuru egokitik beheiti

Aurten Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak amuarrain arrunten inbentarioa egin du, eta Arrantzako Aholkularitza Batzordeari emaitzen berri eman diote. Hain zuzen ere, Departamentuak 60 gunetan hartu ditu laginak: Pirinioetako Bailaretan (Ezka, Zaraitzu, Irati, Urrobi eta Erro arroetan), Hegoaldeko Bailaretan (Arga, Ultzama-Mediano eta Larraun-Basaburua arroetan), Mendebaldeko Bailaretan (Arakil eta Ega-Urederra arroetan), eta Kantauriko Bailaretan (Bidasoa arroan eta Kantauriko eta Pirinioetako iparraldeko arroetan). 1992az geroztik erabiltzen duten metodologia berari eutsi diote, eta ondorioz, aurtengo datuak aitzineko urteetakoekin alderatu daitezke.
Azterlanaren arabera, amuarrainen arroko ibai eta erreketan 1.869 amuarrain daude hektareako, banaz bertze. Hartara, amuarrainen kopuruak %14 egin du goiti 2007az geroztik, baino oraindik ere egokia litzatekeen zenbatekotik, hektareako 2.000 eta 4.000 amoarrain artean, beheiti gaude. Beraz, amuarrainen dentsitatea ez da behar bertzekoa, eta gainera, arro batetik bertzera aldatzen da. Pirinioetako ibai eta erreketan, adibidez, dentsitatea arras ttikia da. Gainerako arroetan datuak hobetzen ari dira.

Arrantzako Aholkularitza Batzordeak Nafarroako Ibai eta Erreketako Ingurumen Kalitatea Hobetzeko Esku-hartze Planaren balantzea ere egin du. Plana urtarrilean jarri zuen abian Departamentuak, Nafarroako ibai eta erreketako amuarrain kopurua handitzeko asmoz. Helburu hori bete egin da, eta horrexegatik, Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak Planari jarraipena emateko asmoa du. Planean aurreikusita zeuden neurrien artean, goiko amuarrain eremuan amuarrain arruntaren arrantza debekatzea, Bidasoako arrain populazioa indartzea; arrantza daitezkeen espezieak indartzea eta izokina arrantzatzeko kupoa handitzea eta arrantzaldia luzatzea zeuden.

Ibai inguruak lehengoratzeko lanak

Esku-hartze Planean hainbat lan aurreikusi zituzten ibaiertzak eta ibai inguruak lehengoratzeko. Zentzu horretan, 1,2 milioi euroko inbertsioa egin dute 2008an ibaiak eta errekak iragazkortzeko, eta hala, arrainak ibai eta erreketan goiti igo eta ibai-buruetako legar hobietan errun ahal izateko. Zehazki, Bidasoa arroan 4 igarobide egin dituzte eta Zaraitzu ibaian, berriz, 5. Gainera, datozen urteetan 40 bat esku-hartze eginen dituzte Bidasoa, Leitzaran, Aragoi eta Ega arroetan.
Bertzalde, ubarroi kopurua kontrolatu dute; izan ere, kopurua handitzen ari zen, arrainen kalterako. 2008an, Lizarrako Kirol Ehiztari eta Arrantzaleen Elkarteak, Arga Ibaiko Kirol Arrantzaleen Taldeak eta Berako Ehiztari eta Arrantzale Elkarteak baimena izan dute amuarrain kopuru eskasa duten ibai eta erreketako arroetatik ubarroiak uxatzeko esku-hartzeak egiteko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun