Zugarramurdi Barne Barnetik DVDa aurkeztuko dute ortziral arratsean Sorginen Museoan

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 7a

Zugarramurdi barne barnetik DVDaren ikustaldia eskainiko da ortziral honetan, azaroaren 7an Sorginen Museoko auditorioan, arratsaldeko 19:00etatik aitzinera.

Euskal Telebistan emana

DVD hau Galdare Comunicacion Audiovisual enpresak egindakoa da Zugarramurdiko Udalaren laguntzarekin eta Euskal Telebistak bere Barne Barnetik programan telebistaz eman zuen azaroaren 1ean. Erreportai honetan, Zugarramurdi ezagutzera ematen da, iragana, gaurko eguna eta etorkizunean etor daitekeena aztertuz. Kanpokoek herria ezagutzeko ez ezik, herrian eta herritik kanpo bizi diren zugarramurdiarrek ere dokumental interesgarria izanen dute eskura.

Mila kopia salgai

Dena den, oraindik ikusi ez duenarentzat, jakin salgai dagoela Museoan eta herriko bertze zenbait ostatu eta komertziotan. Mila kopia egin dira eta erran bezala, ortziralean, lehen ikustaldi publikoa eginen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun