Euren krisia eurek ordain dezatela aldarrikatu du LABek

Goizalde URDANPILLETA 2008ko azaroaren 7a

«Krisi hau ez da gurea, Erregulaziorik ez!» zioen pankarta hedatu du LAB sindikatuak Funvera ondoan. TTIPI TTAPA

Funverako erregulazio espedientea ere salatu dute kontzentrazioan

LAB sindikatuak konzentraziorako deia egin du ostegunean, azaroaren 6an Bera, Elizondo eta Lesakan. Beran hitzordua eguerdiko 12etan izan da Agerra auzoko errotondan. LAB sindikatuko kideek Funvera lantegiaren egoera salatu dute. Bertan egin behar diren erregulazio espedienteen berri eman eta “euren krisia, euren kontura” izenburuko esku orria banatu dute. Bertan bertzeak bertze, enpresek sortutako krisia nondik datorren aztertzen da: finantza krisia, prezioen egoera ikusgarria, etxebizitza negozioaren krisia eta moteltze ekonomikoak aipatuz.

“Langileon kontura euren bizi mailari eusten diote enpresariek”

LABek dio krisiaren mamua erabili nahi dutela gu beldurtzeko, langileon kontura euren bizi maila lotsagabeari eusten jarraitzeko: lan eskubideak berriro murriztu (kaleratzeak merketu, flexibilitatea handitu, pentsioak gutxitu…), soldatak are gehiago gutxitu, aldi baterako langileak eta langile finkoak kalera bota, azpikontratazioa handitu… Hau guztia ez dela aldaezina dio sindikatuak. Langileok, pentsiodunak, langabezian daudenak, gazteak…honen kontra borrokatu gaitezkeela dio. Eredu ekonomiko, sozial eta politikoaren aldaketa ezinbesteko eta premiazkoa da LABen ustez. “Euskal Herrian denok ongi bizitzeko behar besteko aberastasuna dago. Baina horretarako, aberastasun hori modu justu batean banatu beharra dago, ekonomia pertsonen mesederako eta ez alderantziz planifikatu behar da, kalitateko zerbitzu publikoetan inbertitu behar da, beste batzuen artean hezkuntza, osasun, babes ofizial, etxebizitza eskubideak bermatu daitezen”, LABen hitzetan.

Kontzentrazioak Elizondon eta Lesakan

Arratsaldeko 19:30ean Elizondoko plazan eginen da kontzentrazioa eta 20:00etan Lesakako plazan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun