Elizondoko Giltxaurdi kiroldegiko langileak greban daude lan hitzarmen duinaren alde

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 6a

Bera eta Lesakako kiroldegietako langileek grebarik ez egitea erabaki zuten batzarrean

Kirol kudeaketako enpresetan lan hitzarmen berriaren negoziaketetan bederatzi hilabete eman ondoren, lan baldintzak hobetzeko akordio batera ez da heldu. Langileek diotenez, lan baldintza batzuk antzeko sektorekoak baino kaxkarragoak dira.

Elizondon kiroldegia itxia, Beran eta Lesakan zabalik

Hau dela eta, bilerak eta asanbladak egin dituzte gure eskualdeko kirol instalazioetako langileek eta egoera oso ezberdina da. Honela, astearte, asteaazken eta ortzegunerako deitua zegoen greba deialdiarekin bat egin dute Elizondoko Giltxaurdi kiroldegian, Masquatro enpresako langileek. Urdi enpresak kudeatzen dituen Berako Toki-Ona eta Lesakako kiroldegietako langileek, aldiz, grebarik ez egitea erabaki zuten langileek batzarrean. Donezteben ere zabalik dago kiroldegia, baina han udalak kontratatutako langile bat arduratzen da garbiketaz eta mantenimendu lanetaz.

Azaroaren 17tik aitzinera mugagabea

Asteartean, azaroaren 4an Elizondoko Giltxaurdi Kirol Instalazioetako langileak Lesakara eta Berara hurbildu ziren pankarta bat jarri eta informazioa banatzera. Nafarroako Kirol Kudeaketa Elkartearekin (AGEDENA) hitzarmena eztabaidatzen ari diren CCOO eta ELA sindikatuek deitu dute greba eta horrekin bat egin du LABek ere. Egoera moldatzen ez bada, hiru egun hauetako grebaren ondotik, azaroaren 17tik aitzinera mugagabeko greba egitea aurrikusia dute sindikatuek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun