Inmigrazioari buruzko lehiaketak eginen dira Malerrekan

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 5a

Adinaren arabera, ipuin, argazki eta elkarrizketa lehiaketak proposatu dira

Inmigrazioari buruzko ipuin, argazki eta elkarrizketa lehiaketa antolatu du Malerrekako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak, inmigrazio programaren barrenean. Gainera, Beintza-Labaien, Doneztebe, Eratsun, Ituren, Narbarte, Legasa, Saldias eta Sunbillako eskolek eta Doneztebeko Bigarren Hezkuntzako Institutuak laguntza eskaini dute ekimena prestatzeko. Dagoneko lehiaketa zabalik dago, Malerrekan bizi den edozeinek parte hartu dezake eta azaroaren 28an akituko da lanak aurkezteko epea. Lanak Gizarte Zerbitzuen Doneztebeko egoitzan aurkeztu beharko dira, egileak aukeratutako hizkuntzan. Behin lanak aurkeztuta, abenduaren 13an besta berezia eginen da. Parte-hartzaileen lanak erakusteaz gain, sariak banatuko dira.

Ipuin lehiaketa ttikienentzat

Ipuin lehiaketa 6 eta 12 urte bitarteko neska-mutikoei zuzendua dago. Adin tarte hau bitan banatu dute antolatzaileek, 6-9 eta 9-12 urte artekoen artean, eta inmigrazioari buruzko ipuin bat idatzi beharko dute guztiek. Aipatu, Malerrekako eskoletan inmigrazioa lantzen ari direla. Adin tarte bakoitzean, seina sari banatuko dira; sei sari 6 eta 9 urte dituztenen artean eta bertze sei 9 eta 12 urte dituztenen artean. Maila bakoitzeko lehen hirurek joko bana jasoko dute eta hurrengo hiruek ipuinak.

Argazki lehiaketa gaztetxoentzat

Argazki lehiaketa, berriz, 12 eta 18 urte artean dituztenentzat da. Arlo hau ere bi adin tartetan banatu dute, 12-15 eta 15-18 urte dituztenen artean. Kasu honetan, Malerrekako inmigrazioa irudikatu beharko dute parte-hartzaileek argazkietan. 12-15 eta 15-18 urtekoentzako sariak berdinak izanen dira, lehendabizikoentzat argazki kamera digitalak eta bigarren gelditzen direnentzat musika CD bana.

Elkarrizketa lehiaketa helduentzat

Elkarrizketa lehiaketa, azkenik, 18 urtetik goitikoei bideratua dago. Alde batetik, 18-25 urte artean dituztenek parte hartu ahal izanen dute eta bertzetik, 25 urte baino gehiago dituztenek. Bi kasuetan, irabazleek talasoterapiako bonoa jasoko dute eta bigarren gelditzen direnek inguruko ostaturen batean bazkaltzeko aukera izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun