Langabeziak nabarmen goiti egin du eskualdean urrian, %13,37 eta irail hondarrean baino 79 langabetu gehiagok emana zuten izena Doneztebeko Enplegu Bulegoan urriaren 31n. Zehazki, urri hondarrean 670 ziren izena emandako langabetuak, irail hondarrean 591 ziren bitartean. Nafarroa osoko bulego guzietan nabarmen goiti egin du langabeziak, %9 inguru banaz bertze, baina Doneztebekoa izan da hirugarren igoerarik handiena.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 522 kontratu gauzatu ziren urrian, baina horietatik 87 bakarrik izan ziren mugagabeko kontratuak.
Adin eta sexu tarte guzietan goiti
Adina eta sexuari dagokionez, tarte guzietan goiti egin du langabeziak. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta urrian 338 langabetu daude, irailean bain 13 gehiago. 25 urtetik goitiko gizasemeen artean izan da igoerarik handiena, 246 langabetu baitaude tarte horretan, aitzineko hilabetean baino 49 gehiago. 25 urtez beheitikoen artean ere goiti egin du langabetu kopuruak. 49 gizon eta 37 emakume dira langabezian daudenak, irailean baino 7 eta 10 gehiago, hurrenez hurren.
Lan arloka ere denetan goiti, nekazaritzan berdin
Lan arloei dagokienez ere, denetan goiti egin du langabeziak, baina zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien biltzen. 384 langabetu zituen arlo horrek, irailean baino 31 gehiago. Industrian 163 langabetu daude, irailean baino 25 gehiago. Eraikuntzan 8 lagunetan goiti egin du langabeziak eta 57 langabetu daude; nekazaritzan berdin segitzen du langabetu kopuruak, 13 baitira langabetuak, irailean bezalaxe. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean, aldiz, goiti egin du langabeziak urrian, 53 langabetu baitaude eskualdean, irailean baino 15 gehiago.