Errekako Joseba Madariagak ez zuen Nafarroako buruz buruko txapelketaren finalerako txartela lortu

TTIPI TTAPA 2008ko aza. 3a, 14:40

Klub artekoan ere, emaitza txarrak izan dituzte Errekako pilotariek

Joseba Madariaga Errekako pilotari aranztarrak ezin izanen du Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko txapelketaren finala jokatu. Igande goizean jokatu zuen finalerdia Labriten Irurtzungo Etxeberriaren kontra eta Arantzakoa 11 eta 3 irabazten joan bazen ere, azkenean 14 eta 18 galdu zuen. Finalean aritzerik izanen ez badu ere, Nafarroan finalerdietara ailegatu denez, horrek, Euskal Ligan aritzeko eskubidea emanen dio Joseba Madariagari.

Huarteko lau terdiko txapelketan Anguitak galdu

Huarteko lau terdiko txapelketan ere, lehiaketatik kanpo gelditu da Errekako Aritz Anguita, 17 eta 22 galdu baitzuen Altsasuko Gartziandiarekin. Hemen, 2 eta 12 galtzen joan zen Anguita eta markagailua estuztea lortu bazuen ere, ezin izan zion buelta eman.

Klub artekoan ere emaitza txarrak

Nafarroako klub arteko pilota txapelketako partidak ere jokatu ziren larunbat arratsaldean Donezteben. Aipatzekoa da Errekak seniorren lehen mailan eta bigarren mailan duela ordezkaritza eta bi kategorietako partidak jokatu ziren. Guzietan emaitza kaxkarrak izan ziren Errekarentzat. Honela, bigarren mailako kategorian, Erreka B iaz kategoria galdu zuen eta berriz ere lehen mailara igotzeko hautagai nagusia den Lizarrako San Miguel Aren kontra aritu zen. Buruz buruko partidan, Errekako Iñaki Otxoak 4 eta 18 galdu zuen San Migueleko Peñas-en kontra eta binakako partidan, Errekako Garikoitz Juaneneak eta Raul Labianok 10 eta 22 galdu zuten San Migueleko Gonzalo Moran eta Xabier Queralt-ekin.

Lehen mailan, berriz, Erreka A eta Paz Ziganda A izan ziren aurrez aurre. Buruz buruko partidan, Errekako Aritz Anguitak 7 eta 18 galdu zuen Joseba Rekalderekin. Binakako partidarik, berriz ez zen jokatu. Patxi Ordoki Errekako ordezkariak aipatu digunez, Errekako Xabi Madariaga gastroenteritiak jota zegoen eta honela, bikoterik ez aurkeztea erabaki zuen Errekak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun