N-121A errepideko 69. kilometroan, Endarlatsa inguruan harriak erori dira errepidera astelehen goizeko 7:45ak aldera. Hori dela eta, bidea txandaka ematen dute eta ibilbide luzea dutenei, Leitzarango Autobidea erabiltzea gomendatu diete Nafarroako Gobernutik. Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, azaroaren 3tik 9rako aste honetan ere, zenbait egunez mozten ari dira N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.
Endarlatsa inguruan mozketak
Gipuzkoako aldean, 72. Kilometro inguruan erabat moztu da errepidea astelehen eguerdian, azaroaren 3an, 12:30etik 14:30era. Bertze horrenbertze eginen da asteazkenean, azaroaren 5ean, 12:30etik 14:30era. Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean, 67 kilometro inguruan eginen den leherketaren ondorioz, erabat moztuko da errepidea asteartea, azaroaren 4ean, bertze bi orduz, 12:45etik 14:45era eta 68. kilometro inguruan ortziralean, azaroaren 7an, hiru orduz moztuko da, 12:30etik 15:30era.
Berrizaunen bidea txandaka
Berrizaun inguruan, ez da mozketarik izanen aste honetan, baina egunero bezala, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.
Belateko tunelean mantenimendu lanak
Belateko tunelaren inguruan ere mantenimendu lanak eginen dira aste honetan eta karril bat mozten denean, bidea txandaka emanen da. Astelehenetik astearterako gauean, asteartetik asteazkenerako gauean eta asteazkenetik ortzegunerako gauean eginen dira lanak, 23etatik goizaldeko 5etara,