Islamaren ondarea ezagutzeko erakusketa zabalik izanen da Donezteben azaroaren 3tik 15era

TTIPI TTAPA 2008ko azaroaren 3a

Bidelagun elkarteko Isidro Herguedasen eman du erakusketaren berri ortziral goizean. TTIPI TTAPA

Bidelagun elkarteak antolatu du Telletxea altzari denda zaharrean

“Islama, guztion ondarea” erakusketa zabalduko du Bidelagun elkarteak Donezteben azaroaren 3tik 15era. Xenofobia eta arrazismoaren aurkako proiektu kulturala da ÷Islama, guztion ondarea” erakusketa. Islamiar Kulturaren Fundazioa egindakoa da, eta Bidelagun elkarteak, Nafarroako Gobernuko eta “zuk autatu zuk erabaki” laguntzarekin ekarria. Erakusketa elebiduna da eta Donezteben kokatuko da Muebles Telletxea duen lokal zaharrean eta Bidelagun elkarteak eskerrak eman nahi izan ditu doan uzteagatik. Bizkaia eta Gipuzkoan ibili ondotik orain gure eskualdean dugu erakusketa, 36 panel, zazpi mahai, eta hainbat eta hainbat informaziorekin osatua.

Aurreiritzien kontra borrokatzea

Erakusketaren helburuei dagokienez, kultura horren aurka dauden aurreiritzien aurka borrokatzea da nagusiena, zeren eta kultura hori geografikoki eta historikoki hurbil badago ere, sarritan ez delako ezagutzen. Bertzetik, gure eskola-ume eta ikasleak, eta interesa edo jakin-mina dutenak, islamera eta zibilizazio handi horrek adierazten duen guztira hurbiltzea da. Izan ere, Islamar zibilizazioa handietako bat da, antzinako deitzen zaien India eta Txinako zibilizazioekin edota Klasikoekin (Persia, Grezia eta Erroma) batera. Zibilizazio horiek, euren ekarpen zientifiko, tekniko eta espiritual garrantzitsuen bidez, gure gaur egungo mendebaldeko kulturaren oinarriak ezartzen lagundu dute.

Gero eta etorkin gehiago

Gainera, gero eta etorkin gehiago datoz gure lurraldera, euren bizi-baldintzak hobetzen lagunduko dien harrera egoki baten bila. Islamar kulturakoak ikusten ditugu gure eskualdeko karriketan, eskoletan, lantegietan. Baina, azalaren kolorearen eta euren sinismenen ondorioz, askotan diskriminazioa jasan behar izaten dute. Bidelagun elkartearen ustez, euren jatorriak ezagutuz soilik lortu ahal izanen da gizarteak pertsona horiek aintzat hartu eta errespetatzea eta, horri esker, aniztasuna aberastasun bezala ulertuko da.

Informazioa modu erraz eta zuzenean

Erakusketak informazioa modu erraz eta zuzenean ematen du, edukiak zehaztasunez azaltzen dira eta, aldi berean, modu entretenigarrian. Horrela, erakusketa lehen hurbiltze bat da islamiar munduko jendearengana, eta bertan erakusten da nola bizi diren, zer pentsatzen duten, zertan sinisten duten, eskualde batetik bertzera zein ezberditasun dagoen eta euren eskulangintzan, musika eta gastronomia nolakoak diren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun