Etxalarko Landagain eskolako zabaltze lanak inauguratu zituzten asteazkenean

Goizalde URDANPILLETA 2008ko urriaren 30a

Etxalarko udal eta eskolako ordezkariekin batera, Carlos Perez-Nievas Hezkuntza kontseilaria izan zen inaugurazioan. TTIPI TTAPA

Bi urtez egin dira eta 440.000 euro inguruko aurrekontutik erdia Nafarroako Gobernuak ordaindu du

Asteazkenean, urriaren 29an Etxalarko Haur eta Lehen Hezkuntzako Eskola Publikoan egindako lanen inaugurazioa egin zen. Ekitaldian Junkal Altzuguren Etxalarko eskolako zuzendariak, Patxiku Irisarri alkateak, zinegotzi, irakasle,gurasoek eta Carlos Perez Nievas Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak parte hartu zuten. Nahiz eta inaugurazioa asteazkenean egin, jadanik erabiltzaile diren ikasle eta irakasleak aprobetxatzen ari dira, bertze gainerakoan ikasturtea hastea ezinezkoa gertatuko litzateke eta. Eraikin zaharraren aldamenean egin da berria eta hiru solairu ditu. Lanak lau epetan egin dira, eta azken biak 2008an gauzatu dira. Gonbidatuak eraikin berriko soinketa gelara eraman dituzte eta bertan egin da ekitaldi protokolarioa. Lehenik eta behin, eskolako zuzendaria den Junkal Altzugurenek hitza hartu du.Segidan, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea mintzatu da eta azkenik, Carlos Perez Nievas solastu da. Azken hitzak euskaraz egin ditu.

Zenbait kontu zalantzan

Ondoren, Guraso Elkarteko kide batek instalazioen inguruan galdera egin dio kontseilariari, erranez, halako lanek egiten direnean lehenik, erabiltzaileei galdetu behar zaiela eta zalantzan jarri ditu zenbait kontu. Lanen proiektua egin duen arkitektoak erantzun dio bertan bai zen. Ondotik, denak elkarrekin instalazio berriak bisitatzera joan dira. Beheko solairuan gela bat, soinketa gela eta biltegi txiki bat egin dira; lehenengo solairuan gela bat, bikoizketa gela, liburutegia eta zuzendaritza eremua; eta azkenekoan bi gela eta informatikakoa.

Bi urtetan 440.000 euroko aurrekontua

Lanak Etxalarko Udalak sustatu ditu eta 2007-2008 ikasturteetarako Hezkuntza departamentuak eginiko dirulaguntzen deialdien bidez finantzatu dira. 2007ko deialdian aurkezturiko aurrekontua 121.600 eurokoa izan zen eta 2008an 317.032,39koa. Handitzearen %50 finantzatu da, beraz, 219.316,2 euro 2006an laguntzen deialdiaren bidez, departamentuak eraikin zaharrean gela baten eraketa finantzatu zuen, 6.848,7 euro emanez, hau da, aurrekontu osoaren %65a. 2008ko ekipamendua Hezkuntza Departamentuak ere diruz lagundu du eta denetara 60.800 euro izan dira, tartean material didaktikoa, geletako altzariak eta Zuzendaritza gela. Segida, bertaratutako guztientzat luntx bat dastatzeko aukera izan da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun