Arkupeak Erretiratu eta Jubilatuen Elkartearen ekimenez, Donezteben egin nahi den eguneko zentroaren lehenengo harria paratuko da heldu den azaroaren 22an. Horrez gain, egun berezia antolatu dute Arkupeak elkartekoek. Hala, elkarteko hainbat kidek omenaldia jasoko dute: Milagros Apezetxea goizuetarrak, Salvador Arotzena doneztebarrak, Mª Dolores Oronoz elizondarrak, Mª Angeles Altzugarai narbartearrak, Micaela Etxeberria iturendarrak eta Mª Jesus Zabala doneztebarrak. Iruñea eta Tuterako artzapezpiku izandako eta irailean hildako Jose Maria Zirardari ere hil ondoko omenaldia eskainiko zaio. Omenaldiak kiroldegian eginen den bazkariaren aitzinetik eginen dira.
Egitarau zabala
Lehenago, goiz goizetik, autobusak abiatuko dira goizeko 9:00etan Goizueta eta Zugarramurditik; 9:30ean Irun, Leitza eta Ezkurratik; 10:00etan Bera, Etxalar, Elizondo eta Almandoztik eta 10:30ean Zubieta, Sunbilla eta Oronoztik. 11:00etan Meza Nagusia izanen da Doneztebeko elizan, aurten hildako bazkideen omenez. Bertsolariak ere ariko dira eta aurten aegindakoa aztertuz eta heldu den urterako prestatu diren ekintzak azalduz solasaldia eskainiko da. Aipatu bezala, kiroldegian bazkaltzen hasi aitzinetik eginen dira omenaldiak eta gero, bazkaria, Kadereitako Marisol jatetxearen eskutik, honako menuarekin: arrain zopa, fritoak, otarrainxkak, limoi sorbetea, entsalada zentroak, umerria panadera patatekin, txanpaina, tarta eta izozkia, eta edateko ardoak, ura, kafea eta kopa.
Bazkal ondoan, 16:30etik 19:00etara dantzaldia izanen da Jalisko Band taldearekin eta 19:15ean berriz ere etxeruntz abiatuko dira autobusak.
Izen ematea azaroaren 2tik 10era
Aipatu, egun horretan parte hartu nahi duenak aitzinetik eman beharko duela izena. Azaroaren 2tik 10era bitartean herrietako ordezkariei jakinarazi beharko zaie nor bere autoan eta nor autobusean joanen den. Egun osoko prezioa 35 eurokoa da. Arkupeak elkartetik jakinarazi dutenez, izen emateko epetik kanpo apuntatzen den inor ez da onartuko eta denek bere txartela eraman eta jangelako sarreran erakutsi beharko dute. Modu berean, bertzeendako eserlekurik ez dela hartzen ahal ere adierazi dute.