Espainiako txapelketan bigarren postua lortuz akitu du denboraldia Mariezkurrenak

Utzitako argazkiak 2008ko urriaren 28a

Mariezkurrena gidariak eta Ederki tailerreko eskuderiak lana gogotik egin behar izan dute akitu berri den denboraldi honetan. Argazkian, podiumean ageri da Albaceterekin. TTIPI TTAPA

Europa mailan 14.a izan da Doneztebeko kamioi-gidaria

Espainiako azpitxapeldun geldituz akitu du denboraldia Javier Mariezkurrena Doneztebeko kamioi-gidariak. Denboraldiko azken lasterketak Madrilgo Jarama zirkuituan egin zituen urriko lehen aste hondarrean. 38.000 ikusle bildu ziren Europako Zirkuituko kamioien Formula 1 lasterketak ikustera. Guzira 35 kamioik parte hartu zuten. Urriaren 4ko lehenbiziko saioan 12. postua eskuratu zuen Mariezkurrenak eta 10.a kopako bigarrenean. Emaitza onak izan ziren, kontuan hartuz, kamioiak suspentsio arazoak zituela, balaztak egiteko beharrezko material berezirik topatu ez zutelako.

Biharamunean, hilak 5, lehenbiziko karreran meritu handiko 9. postua lortu zuen Mariezkurrenak. Aitzineko gauean zenbait moldaketa egin ondotik, kamioia hobeki ibili zen. Bigarren lasterketan, berriz, 12. postua lortu zuen Doneztebekoak. Halere, autoblokantearekin arazo bat izan zuen kamioiak eta azken itzulian olio-putzu bat zanpatu ondotik tronpoa egiteagatik postu bat galdu zuen.

Espainian bigarren, Europan hamalaugarren

Asteburu horretan bi aldiz igo zen Javier Mariezkurrena podiumera. Larunbatean, Espainiako txapelketan azpitxapeldun izateagatik eta bertze horrenbertze igandean.
Azkenean, beraz, Espainiako txapelketan bigarren izan da, Antonio Albaceteren ondotik. Biek Man kamioia gidatu dute. Hirugarren postua Mercedesa gidatzen zuen Jose Bermejorentzat izan zen.
Europako txapelketan, berriz, 14. postua eskuratu dute Mariezkurrenak eta Ederki taldeak. Europan, Bugyra gidatzen zuten David Vresky eta Markus Bosiger izan dira onenak eta Antonio Albacete berak osatu dute podiuma.
Edonola ere, balantze positiboa egin du Doneztebeko eskuderiak. Izan ere, ekainean istripua izan zuten eta horren ondorioz, bi karreretan ez zuten parte hartzerik izan.

2009an berriro lanean

Heldu den urteari begira, txapelketetan segitzeko gogoz daude bai gidaria, baita taldea ere, eta aurrekontua estaltzeko, berriz ere laguntzaileen premia izanen dutela adierazi dute. Bide batez, aurtengoan laguntza eman dieten enpresei eskerrak eman nahi izan dizkiete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun