Futbola, pilota, eskubaloia, saskibaloia… Ez dira gutti kirola egiteko aukerak. Horietako aunitzetan aritzeko ez da inolako trabarik izaten; laguntzak eta instalazioak badira entrenatu eta jokatzeko. Aitzitik, ez da gauza bera gertatzen herri kirolean. Aukerak murritzagoak dira.
Tradizio eta garrantzi haundikoak dira herri kirolak Euskal Herrian, eta gure eskualdean ere hala da. Bada horri segida eman nahi dionik ere, eta jendeak herri kiroletan ikas dezan aitzinerapausua eman dute Patxi eta Donato Larretxea anaiek: Gure Kirolen Kluba sortu dute.
«Behartuak bezala sentitzen ginen kluba sortzera, Oronoz-Mugairin dugun egoitzari izena emateko. Jende saila hasia da hemen elkartzen eta honi izen bat eman behar genion». Horrela dio Patxik. Aitzinera begira, lanean segitu nahi dute, eta nahi duenari joateko gonbidapena egin diote.
Helburua ere argi dute: «herri kiroletan aritzeko asmoz datorren jende gazteari erakustea», aipatu digu Donatok. «Gu adinean goiti goaz, baina nahi duenari erakusteko prest gaude».
Adinean mugarik ez
Herri kirolen eskola dela erraten ahal da, eta parte hartzeko adinik ez dagoela argitu digute Larretxeatarrek: «Oraingoz haurrik ez dago. Gazteenak 16-17 urte ditu eta zaharrenak 71». Aiako Joxe Leon Iruntxeberritaz ari dira, noski. Lasterka eta aizkoran ospetsua egin zen bere garaian eta hainbat aizkolariren erakusle izana da. Bere jakinduria gazteei erakusteko gogoz dago hau ere.
Federazioarekin «deus ikustekorik ez»
Nafarroako Herri Kirol Federazioak ttikienak kirol hauetan hasteko Herri Kirol Jolasak antolatzen ditu urtero. Nolabaiteko konpetentzia ote den galdetuta, ezezkoa erantzun digu Donatok: «Ez du deus ikustekorik. Federazioak bere gauzak antolatzen ditu, bere txapelketak… Hau aparteko zerbait da: nahi duenak badu lekua hemen ikasteko, entrenatzeko… Entrenatuz, errezagoa delako aitzinera ateratzea».
Harri-jasotzen, aizkoran –altueran zein lurrean–, arpanean —bakarka nahiz binaka—, txinga eramaten… Hainbertze kiroletan aritzeko aukera ematen du Gure Kirolen Klubak Oronoz-Mugairiko bere txokoan.
Kirol Gatestiak?
Materiala lortzeko, finatziaziorako edo laguntzak lortzeko bide bat izaten ahal da elkarte bezala izen ematea. Donatoren erranetan, «orain arte ez dute deus eman, baina orain ikusiko dugu enpresak mugitzen diren, gastuak estaltzeko adina».
Izan ere, aizkoran eta arpanean aritzeko elkartearen egoitzan biltzen direnak kontuan hartuz, urtean 30.000 euro inguruko gastua sortzen dela aipatu digu Patxik. Horretaz aparte tresnak daude. Arpanak, erraterako, garestiak dira, 1.200 eta 1.400 euro artean balio dute eta Zelanda Berriko aizkora bakoitzak 350 euro balio ditu.
Edozeini irekia
Unai Bertiz sunbildarra eta Xabier Ariztegi etxalartarra aritzen dira harri-jasotzen; Ariztegi bera eta Asier Bertiz sunbildarra Larretxeatar familia osoarekin aizkoran; Lurdes Galarregi eta Izaskun Ariztegi etxalartarrak arpanean… Baina herri kirolean hasi, trebatu eta entrenatu nahi duen guziak badu lekua Oronoz-Mugairin, Gure Kirolen Klubean.