Turismo bulegoan, leizeetan eta Larrungo trenean aitzineko urteetan baino jende guttiago ibili da urtarriletik buruil hondarrera arte. Beherakada ezberdina izan da lekuen arabera, baina denek bisitariak galdu dituzte.
Buruilaren 30a arte 9.103 familia iragan dira turismo bulegotik herriari buruzko zehaztasunak galdetzeko, iaz baino 1.310 guttiago. Baina aitzineko bertze sei urteekin konparatuz, gehiago, ordura arte 9.000 familia baino gehiago ez baitziren sekula pasatu urteko lehen bederatzi hilabeteetan.
Leizeetan beherakada urrian izan da, duela bi urteko zenbakiekin konparatuz. Iaz hetsiak egon ziren uholdeen ondorioz. 2006an, 98.311 bisitari izan zituen buruil hondarrera arte, eta aurten epe berean 1.311 lagun guttiago ibili dira. Hala ere, 2004an eta 2005ean baino turista gehiago hartu ditu.
Beherakada nabarmenena Larrungo trenean izan da. Buruilaren 30erako 285.000 bisitari igo zituen, iaz baino %15 gutxiago. 2007an, 323.000 lagunek hartu zuten urte osoan, baina aurten ez dirudi kopuru horretara arribatuko direnik. Azken urte hauetan hoberena Larrungo trenarentzat 2006a izan zen, orduan 363.000 lagunek hartu baitzuten trena.
Ortillopitzen, Etxola animalien parkean eta Euskal Pastelaren museoan ere zenbakiek ez dute gora egin. Lehenean bisitarien kopuruak %13 egin du behera, bigarrenean %5 eta azkenean egonkorra izan da.