UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak profesional euskaldunen gida osatzeko informazioa biltzeari ekin dio, udal eta herritar euskaldunek profesionalen beharra daukatenean nora jo jakin dezaten. Gisa berean, gidan sartzen diren enpresek baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeaz ere arduratuko dira, hau da, gidan sartu aitzinetik euskarazko zerbitzua emateko gai diren frogatuko da. Elkargo profesionalek UEMAren gidan sartzeko aukera daukate, baina horrez gain, UEMAk informazio iturriak zabaldu egin ditu. Euskal Herriko udal guztietara jo du datu eske, gidan sartzeko egokiak izan daitezkeen guztiek lekua izan dezaten. Behin datu guztiak jasotzean, eta ahozko zein idatzizko euskarazko tratua bermatuta, gidan dauden profesionalen zerrenda pasatuko dute UEMAko udalerri guztietara. Informazio guztia UEMAren webgunean dago eskura eskura: www.uema.org. Gainera, web orriaren bidez profesionalek zuzenean eman dezakete izena.