Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatuta, ortziral honetan, urriak 31, abiatuko dira hilabete batez eginen diren Ehizaren jardunaldi gastronomikoak. Azaroaren 30a arte ehizarekin lotura duten menuak dastatzeko aukera izanen da eskualdeko 10 jatetxetan. Almandozko Beola, Arantzako Burlada, Berako Zalain, Donamariako Benta, Doneztebeko Ameztia, Elbeteko Oñaska eta Posada, Igantziko La Villa, Lesakako Koxkonta eta Oitzeko Posada dira jardunaldi hauetan parte hartuko dutenak. 26 eta 35 euro artean balio duten menuak izanen dira –BEZ eta edaria sartu gabe– eta, bertzeak bertze, uso, basurde, orein, erbi edo oilagorrekin egindako platerak eskainiko dira.
Aurkezpena Igantziko La Villan
Asteazkenean, urriaren 29an, Ehizari Buruzko Jardunaldi Gastronomikoen aurkezpena egin zen Igantziko La Villa Jatetxean. Ekitaldian Bertizko Partzuergo Turistikoko kudeatzaile den Izaskun Goñik eta Stephane Renaud La Villa jatetxeko sukaldariak parte hartu dute.
Itziar Mikelperizenaren irudia menuetan
Sasoian sasoiko jakiak dastatzeko aukera ematen dute gure eskualdeko jatetxeek. Gainera jatetxeetan jardunaldi hauen inguruko informazioa ematen duen esku orria banatu dute. Urtero eskualdeko margolari batek esku orri horren irudia egiten du eta aurten Berako Itziar Mikelperizenak egin du.