Lesaka, Arantza, Bera, Noain, Lizarra, Iruña, Donostia eta Doneztebeko txistulariak elkartu ziren urriaren 11n Donezteben egin zen Txistu Egunaren XIII. edizioan. Lehendabiziko aldia zen topaketa hau Donezteben egiten zela, eta guztira 51 musikari bildu ziren. Herrian barna itzulia eginez hasi zuten eguna: Merkatuko Plazatik abiatuta, Zazpigurutze auzoan, Elizagibelan eta Intzakardi parkean ibili ziren bazterrak alaitzen. Santa Maria jatetxean egindako gosariaren ondotik txistu poteoari ekin zioten. Kasu honetan talde bakoitzak pare bat pieza jo zituen egin zituzten pausaldietan. Bertze itzulixka bat ere eman zuten herrian elizatik hasi eta Kale Nagusian barna. Goizeko ekitaldiei akabera emateko, Santa Maria jatetxean bazkaria egin zuten. Bazkalondoan, Lesaka eta Doneztebeko taldeko musikariek berriz ere txistu poteoa egin zuten eta azken itzulia 23:30ean egin zuten. Heldu den urteari begira, bertze aldaketarik ezean, Arantzan eginen da Txistu Eguna.