Uterga eta San Migel txapeldun Nafarroako erremonte txapelketan

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 27a

40 eta 34 irabazi zioten Zeberio II.a eta Badiolari

Erremonte profesionalak bertze bi txapel eman dizkio Donezteberi. Urriaren 18an jokatu zen Nafarroako Foru Komunitateko txapelketaren finala Labriten eta Xanti Uterga eta Julen San Migelek 40 eta 34 irabazi zieten Zeberio II.a eta Badiolari. Doneztebarrek txapelketako bikoterik gazteena osatzen zuten, baina halere, txapelketako bortz partidak irabazi zituzten, erremontean belaunaldi aldaketa datorrela erakutsiz.
Finalak hasiera nahiko parekatua izan zuen eta Gipuzkoako bikotea hiru tanto aitzinetik izan zen, 9 eta 6. Bederatzina berdindu ondotik, 11-9 ere aitzineratu ziren, baina hortxe akitu zen beraien nagusitasuna. Uterga ausart eta egoki aritu zen aitzinean eta 23 tanto egin zituen. Julen San Migelek ongi agindu zuen gibelean eta bere kolpea nagusitu zen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun