Eguraldia lagun, zientoka lagun bildu ziren Iharmendiko gainean Usategietako Igandean, urriaren 19an. Usoak nola ehitzatzen diren ikusi, paseo bat eman, eta bisita gidatuak egiten harrapatu genituen bisitariak, tenperatura ona eta giro oraindik hobea probextuz. Patxiku Irisarri alkate eta usazalek aipatu digunez, «1.500 lagun inguru ibili ziren Usategietan goiz partean». Arratsaldean, herrira jautsi zen besta. Kale animazioa izan zen Detraka taldearen eskutik. Ttikienek gozamen ederra hartu zuten hankaluze eta bertzelako panpinekin. Joselu Anaien eskutik izan zen herriko plazan dantzaldia. Altxata Kultur Elkarteak ostatua paratu zuen frontoian egun osoan, eta handik ere jende parrasta pasatu zen tragoa hartu eta bokadiloa jatera. Urtero bezala, dantzaldiaren atsedenaldian, 12 uso bizirik zozketatu ziren. Aurten Kattoneko Jasone Iparragirrerentzat izan ziren usoak. Bigarren saria, bi lagunentzako afaria, Mariskineko Bordako Mari Luz Ariztegik eraman zuen. Hirugarren saria 5.351 zenbakiari egokitu zitzaion, baina ez zen momentuan atera. Zenbaki horren jabeak Altxata Kultur Elkarteko kideren batengana hurbildu beharko du kanpin denda eskuratzeko.