Herri Lanetako batzorde parlamentarioarekin bildu dira Bortzirietako udal ordezkariak

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 27a

Hasierako proiektuan egin diren aldaketa eta puntu beltzen inguruan hitz egin dute

«N-121A errepideko obrak akitzean, orain puntu beltzak diren zenbait toki, hagitz beltzak izatera pasatuko dira, eta puntu horiek Sunbillako bidegurutzea eta Berarako sarbidea dira». Bertze hainbat konturen artean, horrela adierazi zuten Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesakako udal ordezkariek urriaren 22an Nafarroako Parlamentuko Herri Lanetako batzordearen aitzinean egindako agerraldian. Hasiera batean iragarritako proiektuan egin diren aldaketen gainean euren iritzia agertzeaz gain, bertzelako kezken berri ere eman zuten.
Sunbillako bidegurutzean azken urteotan zauritu eta hildako andana izan direla gogoratu zuten udal ordezkariek, eta Alkaiagatik barna Berara sartzeko dagoen bideak ere aterabide bat behar duela nabarmendu zuten. Berako Udalaren iritziz, egokiena biribilgune bat egitea litzateke.
Horrez gain, hasierako proiektuarekin alderatuz egin diren aldaketez mintzatu ziren Parlamentuan. Telleriko tunelari buruz zera adierazi zuten: «hasierako proiektuan tunela osotasunean mantenduko zela erran zen». Baina aldaketak egon dira, eta Gobernuak tunela neurri batean mantentze aldera, udal ordezkariei «gustatu ez» zaien aldaketa proposatu du. Departamentuak horretara bideratu nahi dituen 1,5 milioi euroak Endarlatsa-Sunbilla trenbidea moldatzen gastatzea nahiago dute Udalek. Larrezabaleko loturaz ere hitz egin zuten.
Lesakarako sarbidean aurreikusi den aldaketa «hobea» dela iritzi diote, nahiz eta Matxain baserria bota beharko den. Igantziko Udalak, bere aldetik, Igantziko Bentetan kaltetua aterako den herritar baten egoera azaldu zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun