Honezkero egun batzuk pasatu dire etorri ziñenetik. Seguraski gutti batzuk bertzerik ez gara izan ongi etorria eman dizugunak, udazken maitia, jende gehiena oañik zotinka ari baita uda juan delako, opor ondoriua jasateko, edozein xorakeriri buruzko bildumak erosten. Telebista, irrati eta gañerako komunikabideetan ere zuretako erabilgarritasunaren bat bila ari dire, bai udako gehiegikeriak garbitzeko aukera dela, bai ikasketa berriak hasteko... Zuk zerorrek zer agertu, erakutsi eta gozagarririk ezpazenu bezala.
Zalaparta eta poza haundia izaten da uda alletzen denin: eguzkia, berua, udako amodioak, oporrak... Zu alletzearekin, berriz, tristura eguna moztu delako, opor ondoriua, eskola, lanera itzultzia (nik eztut ikusi gehienak lana udan utzi dutenik, biño tira...)
Ta bittartin guk, udazkenzale bakanok, pozarren, barrendik ateratzen zaigun irrifar maltzurra gordetzen dugu burua makurtuta, udazaleek madarikatu ez gaitzaten. Pozik dastatzen dittugu erdi gordeka zure usaia, argia, koloria ta doñuak.
Akabo bero zakarrezko egun luziak, akabo oporretan dagoen jendetzaren harantz-honuntzak, akabo telebistako eguneroko hondartzeri buruzko informazio akiezin ta aspergarriak, operazion bikiniri buruzko zurikeriak eta abar, akabo.
Ongi etorriak iraileko ta urriko egun epelak, ta lo goxo itteko aproposak diren gaba frexkuak. Ongi etorriak goiz lañotsuak, gure zokuak itsaso zuriak bihurtzen dittuztenak, ta gure mendiek janzten dittuzten soñeko ori, gorri, uher eta abarrak.
Nola ez, ongi etorriak udazken-neguko minigonak, udan lotsagabe erakutsi dena, oain goxoki erdi gordetzen dutenak. Ongi etorriak udazkeneko amodiuak!
Ongi juan uso gaixuak (jakinduria opa dizuet zuen biziari osorik eusteko), ta zeruan garraxi sakon eta kitzikagarriak egiten dittuzten antzara ta lertxunak. Ongi etorria berdin, goiz eta ilunabar eguzkitsutan arbol tartetik txio-txi txio-txi itten duen xoria (barkatu, eztakit bere izena). Ongi etorriak gaztañak, gaztaña erre ta egosiak, hori bai goxotasuna! Ta nola ez, ongi etorria ximenietako ekia, karrikak elizan intzentsuak bezala, usai goxoz ukitzen dittuena.
Ongi etorria su bazterreko goxotasuna, gure arima ta bihotzari begirada bat ematen laguntzen diguna.
Holaxe izan da betitik gure ingurua, zergatik gaur egun hainbertze jende udazkena ta negua gorroto dittuena, sugandilak bezala eguzki beruakin amets itten duena? Ezta izanen ba lantoki zolotan denbora gehiegi pasatzen dugulako, udazken eta neguak ere baduten eguzki goxoaz gozatzeko aukerarik gabe? Ordun errua ezta udaren azkenarena, guria baizik...
Gora udazkena! Gora bihotzak!
Joanes Akonegi