Nafarroako landa eremuan osasun zerbitzua bermatzeko mediku eskasia duten kontsultategiak ez dira gutti. Batzuetan larrialdietako zerbitzua osatu ezinik dabiltza; bertzeetan, ordea, lehen arreta zerbitzua eskaintzeko arazoak dituzte. Malerreka eta Baztanen kasua da hori. Baten batek baja edo oporrak hartuz gero, ez dute inor ordezkatzeko. Halakoetan, kontsultategiak itxi behar dituzte, gaixoak bertze herri batera mugitzera behartuz. Malerrekan, herrietako beharrak Donezteben biltzea erabaki dute, eta Donezte-ben hartzen diete kontsulta inguruko herritarrei. Bide beretik, Baztanen ere bertze herri bateko kontsultategira joatera behartuak daude gaixoak. Egoerarekin arduratuak, arazoari aterabidea ematea nahi dute.
Malerrekako zenbait udalek, adibidez, mediku zerbitzua bermatzeko exijitu diote Nafarroako Gobernuari. Baztanen ere behin baino gehiagotan jo omen dute Osasun Departamentura.
Bertzelako kasua da Goizuetakoa: larrialdietako zerbitzurik gabe gelditu dira, eta larrialdi kasuetan Leitzara joan behar dute, 20 kilometrora. Erabakia, noski, ez da herritarren gustukoa.
Medikuak lanez gainezka, eta gaixoak batetik bertzera. Horixe da egoe-ra. Mediku zerbitzua behar bezala osatzeko langilerik ez dago, eta mediku titularrek baja edo oporrak hartzen dituztenean, konsulta itxi eta bertze medikuak bereak eta falta den medikuaren gaixoak artatu behar ditu. Bi kupo atenditu behar dituzte. Ondorioak nabaritzen orain hasi badira ere, arazoa ez da oraingoa.
Mediku titularrek astean 48 orduko lanaldia egiteko kontratua dute; eguneko lanaz gain, guardia bat egin behar dute. Gainerako guardiak eta asteburuko zerbitzua egiteko, berriz, bertze mediku batzuk daude, bertzelako kontratuarekin. Orain arte, mediku titularren bat falta bazen, guardia egiten zutenek betetzen zuten hutsune hori. Baina hemendik aitzinera ez. Nekatu dira. Lehertu egin dira.
Guardia eta asteburuetako medikuak urte aunitzetan, urtean 4.000-5.000 orduz lan egitera ailegatu izan dira, mediku arrunt baten soldatarekin. Zegokienaren hirukoitza baino gehiago lan eginez. Duela bi bat urte, ordea, horrelakorik gehiago ez egitea erabaki zuten, eta Lehen Arretarako Zerbitzua eskaintzeko mediku eskasia orduan hasi zen nabaritzen. Guardietan eta asteburuetan lan egin dutenen mediku kopurua ia bikoiztu egin arren, tokatzen zitzaizkien orduak baino hiru aldiz gehiago sartzen zituztenez, oraindik hutsuneak hor dirau. Mediku eskasia haundia da, baina mediku gehiago kontratatzeak aldi berean, gastu haundia eraginen luke.
Malerrekakoak Donezteben
Lehen Arretarako Zerbitzua lau kupotan dago banatua Malerrekan: Doneztebe-Elgorriaga; Sunbilla-Bertizarana; Iturendik Ezkurrarako tartea; eta Donamariatik Saldiasera bitartekoa. Horretarako lau mediku eta pediatra bat daude. Horietako batek baja, oporrak edo baimenen bat hartuz gero, ordezkapenik egiteko ez dute inor. Hala, mediku titular baten faltan, lankide batek bi kupo hartzen ditu, berea eta medikurik gabe dagoenarena. Herrietako kontsultategia itxi, eta guztientzat erdigunea Doneztebe dela iritzita, bertan artatzen dituzte gaixoak. Udalak ere mugitzen hasi dira, eta hainbatek bandoak zabaldu dituzte egoera azalduz eta «konponbide bat ematea Gobernuaren ardura» dela adieraziz. Doneztebeko Osasun Zentroan eta herrietako kontsultategietan ere erreklamazio orriak paratu dituzte.
Baztanen ere medikuak eskas
Mediku titularren hutsuneak betetzeko arazoekin dabiltza Baztanen, Urdazubin eta Zugarramurdin ere. Baztango Udalera igorritako ohar batean, «sei lanpostu hutsik daudela» diote medikuek. Gainera, Elizondoko zahar-etxeko medikua ere bajan dago eta horko adinekoak ere eurek artatu behar dituzte. Hori dela eta, ondoko herriko medikua, ordu batzuez, medikurik gabe gelditu den kontsultara joaten da. Baina ezinezkoa bada, gaixoek bertze herriren bateko kontsultategira joan behar dute. Malerrekan bezala, Lehen Arretako Zuzendaritzak aterabide azkarrik eman ez duelako, medikuek eurek hartutako erabakia izan da.
Baztanen, Arizkun eta Erratzuko kontsultan mediku bat dago eta Oronoz-Mugairi, Irurita eta Urdazubikoetan mediku eta erizain bana. Elizondon, pediatra eta bertze bi mediku titularrez gain, hirugarren batek lanaldiaren hiru laurdenak egiten ditu. Guardietarako bertze mediku bat dago.
Baztango Udalak ere zerbitzua hobetzea nahi du, eta eskutitza bidali du Osasun Departamentura mediku gehiago eskatuz. Batzar Nagusietan ere aztertu dute dagoeneko gaia.
LEITZALDEAN ERE GUSTURA EZ
Azken ia 20 urteotan Goizuetan eduki duten larrialdietako zerbitzurik gabe utzi ditu Osasunbideak Goizueta eta Arano. 1991n Arano eta Goizueta inguru berezi bezala katalogatu ziren, larrialdietako zerbitzuak 20 minutura baino hurbilagora egon behar dutelako eta Leitzara edo Hernanira joateko 20 minutu baino gehiago behar direlako. Geroztik, larrialdietako zerbitzuarekin egon dira herrian. Aurtengo uztailaz geroztik, ordea, bi herri horietako larrialdietako kasuak Leitzan artatzen dira, Goizuetatik 20 kilometrora. Leitzako Osasun etxean mediku eskasia zegoelako hartu zuen erabaki hori Osasunbideak. Baina goizuetarrak ez daude kontent, eta zerbitzua lehengora bueltatzeko kexa formalak biltzeari ekin zioten. Guztira 200 bildu zituzten eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentura bidali zituzten. Gobernuak, bere aldetik, «lanean segitzen dutela» erantzun zien. Baina hori ez da nahikoa; herritarrek urtetan eduki duten zerbitzua nahi dute, eta horretarako, sinadura bilketa abiatu dute orain.
Areson berri onak
Areson, hilabete honetan zabaldu dute berriro ere medikuaren kontsulta. Behar haundirik sortzen ez zela eta, zerbitzua eten egin zuten bere garaian. Halere, herritarrek eskatuta berriz ireki ditu ateak kontsultategiak.