Urtero bezala, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak eta Principe de Viana Instituzioak antolatutako Udazkeneko Bira programak antzerkia, musika, zina eta folklorea ekarriko du 200 eta 1.000 bizilagun artean dituzten hainbat herri eta kontzejuetara. Ekitaldi horietako batzuk gure inguruko herrietan eginen dira. Honela, joan den asteburuan egin ziren lehen ekitaldiak. Larunbatean, Idowac folklore taldeak emanaldia eskaini zuen frontoian eta Etxalarko plazan Zuperri fanfarrea aritu zen.
Urriaren 25ean Beintza-Labaienen eta Goizuetan
Heldu den asteburuari begira, larunbatean, urriaren 25ean, zinea izanen dute Beintza-Labaienen. “El Cid” filmea ikusgai izanen da elizatarian, 19:30ean. Goizuetan, berriz, TTR Teatro antzerki taldeak, “Salam” antzeslana eskainiko du Udaletxeko Ganbaran, larunbat arratseko 20:00etan. Donamarian igandean, urriaren 26an, goizeko 11:30ean, Basakaitz dantza taldea ikusteko aukera izanen dute frontoian.
Azaroan Zugarramurdin, Sunbillan eta Legasan
Azaroan sartuta, azaroaren 1ean, Zugarramurdin izanen dute TTR Teatroren “Salam” antzeslana ikusteko aukera, Sorginen Museoan, arratsaldeko 17:00etan. Azaroaren 15ean, Sunbillako elizan Giltzarri abesbatzak emanaldia eskainiko du, arratseko 20:30ean. Azaroaren 23an, Legasan, “El Cid” filmea ikusgai izanen da plazan, arratsaldeko 16:00etan.
Abenduaren 7an Igantzin
Eskualdeari dagokionez, Udazkeneko Birako ekitaldiak akautzeko, Igantzin, abenduaren 7an, Idowac folk taldeak musika emanaldia eskainiko du Jubilatuen Etxean, arratseko 20:00etan.