Ohiturari eutsiz, urriko azken asteburuan ospatzen da Etxalarren Usategietako Igandea edo besta. Garai batean besta hau Iarmendi parajeko postuen inguruan ospatzen zen, baina badira zenbait urte herria gune bilakatu dela, nahiz eta usategiek oraindik ere bere protagonismoa mantendu. Usategietako Igandea dela aipatu dugu, baina ekitaldiak asteburuan zehar banatzen dira. Hala, larunbatean, egin ziren lehen ospakizunak. Altxata Kultur Taldea da antolatzailea, baino beti ere Etxalarko Udalaren laguntza jasotzen du.
Laugarren patata-tortilla lehiaketa larunbatean
Laugarren edizioa izan arren, patata tortilla lehiaketa errotzen ari den ekitaldia da eta jendeak gustura jarraitzen du. Guzira 15 taldek parte hartu zuten eta bakoitza sukaldari bat eta bi laguntzailez osatua zegoen. Bi kategoriatan banatu zen lehiaketa aurten ere: gazteak eta helduak. Helduetan Ane eta Idoia Iparragirre ahizpek eta Oihana Larretxeak osatutako hirukoteak erdietsi zuen garaipena. Bigarren postuan geratu ziren Patxi Etxarte, Federico Arribillaga eta Jose Martin Zelaieta. Bertzalde parte hartzaileen janzkerak ere bazuen saria, eta kasu honetan, Olatz, Aintzane eta Amaia suertatu ziren saridun. Txapelketa honetan epaile lana bete zuten Antonio Etxeberria, Pakita Altzuguren eta Julen Zubietak. Egun polita larunbatekoa, baina ezbairik gabe, ehiztarientzat igandea dela egun bereziena.
50 bat uso
Nafarroa, Gipuzkoa eta Iparraldetik hainbat zaletu bertaratu zen eta eguraldi bikaina baliatuz, Iarmendi parajeak eskaintzen dituen bistaz gozatzeko aukera izan zuten. Igandean sare bidez 45-55 uso inguru harrapatu ziren, hortaz, zortea izan zuten bertaratutakoek, usoak sarean nola hartzen diren zuzenean ikusteko aukera izan bai zuten. Denboraldia ez doa gaizki eta uso gehien harrapatu den eguna urriaren 10a izan da, denetara 269.
Denboraldi osoan 63 dozena
Orain arte sarean 756 uso erori dira, beraz, hemen ongi zenbatzen den moduan, 63 dozena. Iaz, aldiz, tenore honetan berean 80 dozena harrapatuak zituzten. Sarean 100 dozena uso hartzen direnean, altxaferu bat jaurtitzen da, inguruko guztiek jakin dezaten 1.200 uso hartu direla. Sasoia urriaren 1ean hasi eta azaroaren 20an bukatuko da, beraz, oraindik ere ehiza maite dutenek badute astia hain gustuko duten zaletasuna praktikatzeko.