Gure Txokoako pilotariak erraz gailendu zitzaizkien Errekakoei Nafarroako Klub artekoan

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 20a

Buruz buru nahiz binaka garaipen errazak lortu zituzten larunbatean Donezteben

Nafarroako lehen mailako klub arteko pilota txapelketan derbia jokatu zen larunbatean Donezteben. Izan ere, Doneztebeko Erreka elkarteko eta Berako Gure Txokoako pilotariak izan ziren aurrez aurre. Buruz buru, Errekako Raul Labiano etxarriarra Gure Txokoako Gaizka Otxandorena almandoztarraren kontra aritu zen. eta eskuz binaka, Errekako Aritz Anguita eta Unai Madariaga urroztarra aritzekoak ziren, Aitor Cerezo lesakarra eta Toni Huarte amaiurtarraren kontra, baina Madariagak ezin izan zuen partida jokatu. Bere ordez, Garikoitz Juanenea saldiastarra aritu zen. Luis Mari Retegi izan zen Gure Txokoako entrenatzailea eta Patxi Ordoki Errekakoa eta biek, epaile lana ere bete zuten.

Buruz buru Otxandorenak 18 eta 2 irabazi zion Labianori

Bi partidek ez zuten kolore handiegirik izan eta biak Gure Txokoako pilotariek erraz irabazi zituzten. Buruz burukoan, Gaizka Otxandorena bere sake zitalean eta mugikortasunean oinarritu zen Raul Labiano menperatzeko. Etxarriarra jokalari handia da eta binaka ongi moldatzen bada ere, buruz buru aritzeko astun xamarra da. Aitzinean, sasoi bikainean dagoen Otxandorena izan zuen eta honek ez zuen sorpresarako aukerarik ttikiena ere utzi. Saketik agintzen hasten zen piloteoan eta ongi akautzen zuen tantua. Labianok ezin izan zuen deus ere egin. Azkenean 18 eta 2 irabazi zuen Otxandorenak.

Binaka ere kolorerik ez

Binakako partidan ere ez zen kolore handiegirik izan. Aipatu bezala, Anguita eta Unai Madariaga aritzekoak ziren Errekarekin, baina honek ezin izan zuen partida jokatu. Honela, azken orduan, katarroak jota dagoen Garikoitz Juanenea saldiastarrak aritu behar izan zuen. Beraz, bi aurrelari aritu ziren Errekarekin. Anguitak atzelari bezala jokatu behar izan zuen eta lana gogotik egin baldin bazuen ere, beti Toni Huarte amaiurtarraren menpean izan zen. Honela, Aitor Cerezo lesakarrak aitzinean pilota onak izan zituen eta ongi akautu zuen. Sakearekin ere min egin zuen Cerezok, Anguitak gibeleko koadroetatik erantzuteko ohitura handiegirik ez duela aprobetxatuz. Beraz, Gure Txokoako bikoteak bere lanak bikain bete zituen eta Errekakoak, saiatu arren, ezin izan zuen deus ere egin. Azkenean, Cerezok eta Huartek 22 eta 3 irabazi zieten Juanenea eta Anguitari.

Nafarroako 22 urtez beheitikoan, bi aranztar final laurdenetan

Errekako pilotariek, 22 urtez beheitiko Nafarroako buruz buruko pilota txapelketako partidak ere jokatu zituzten Labriten igande goizean. Imanol Mitxelena aranztarrak 18 eta 13 irabazi zion Huarteko Kortabarriari, baina kontuan hartu behar da 17 eta 2 irabazten ere izan zela, partida ikusgarri batean. Baina pilota bat sartu, tantua galdu eta Kortabarriak sakea zuela eta kosta egin zitzaion hondarreko tantua egitea. Bertze partidan, Joseba Madariaga aranztarra aritzekoa zen Aldabideko Mattin Ezkurdiaren kontra, baina hau ez zen aurkeztu. Beraz, Errekako bi aranztarrak final laurdeneko partida jokatuko dute elkarren kontra. Igande honetan, urriaren 26an, izanen dute hitzordua Labriten. Goizeko 10etan hasiko den jaialdian laugarren partida jokatuko dute. Beraz, bietako bat segurutik izanen da buruz buruko txapelketako final erdian.

Huarteko lau terdikoan Otxandorenak irabazi Madariagari

Azkenik, Huarteko lau terdiko txapelketan, Gure Txokoako Gaizka Otxandorena almandoztarrak 22 eta 9 irabazi zion Errekako Unai Madariaga urroztarrari. Otxandorenak bere sasoia eta esperientzia nabarmen utzi zuen, 16 urte bertzerik ez dituen Madariagaren aitzinean. Halere, urroztarrak etorkizun handia duela erakutsi zuen hainbat tantutan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun