Aitzol Atutxak irabazi zuen hirugarren mailako Euskadiko Aizkora Txapelketa larunbatean Altsasun, eta bigarren mailara igo da. Ander Erasun aurtiztarra izan zen txapeldunordea, bi minutu eta 5 segundora eta bera ere bigarren mailan ariko da hurrengo sasoian. Nolabait pronostikoak bete ziren eta kanporaketetan bi denborarik onenak lortutakoak izan ziren txapeldun eta txapeldunorde.
Sei aizkolari lehian
Sei aizkolari aritu ziren lehian Altsasuko finalen, horietarik lau eskualdekoak: Aitzol Atutxa bizkaitarra, Ander Erasun aurtiztarra, Aratz Mugertza gipuzkoarra, Raul Castro urroztarra, Beintza-Labaiendo Jexux Etxeberria eta Asier Pellejero aresoarra. Aizkolari bakoitzak bosna pago-enbor ebaki zituen: hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako. Lehenik kanaerdiko bat ebaki zuten, ondoren bi 60 ontzakoak, eta azkenik, bertze bi kanaerdikoak. Finala Burunda pilotalekuaren kanpoaldean jokatu zen, eta 450 ikusle bildu ziren plazan.
Atutxa hasieratik nagusi
Atutxa txapeldunak ebaki zuen lehen egurra azkarren, eta proba buruan jarri zen hastapenetik. Erasun eta Castro izan zituen gibeletik. Hirugarren egurra ebakita (bigarren 60 ontzakoa), Atutxak minutu eta 16 segundoko aldea atera zion Erasuni, eta, minutu bat eta 34 segundo Castro eta Mugertzari. Etxeberriari adar bat atera zitzaion lehen enborrean, eta gibeleratzen hasi zen Pellejerorekin batera. Erasuni, berriz, bigarren egurrean atera zitzaion adarra, eta denbora pittin bat galdu zuen. Mugertzak ere izan zuen arazorik, izan ere, bitan eman behar izan zuen bira hirugarren enborrean. Ondorioz, Atutxak nahikoa izan zuen berak ezarritako erritmoari eustearekin txapela janzteko. Azken hamabi urteotako seigarren denborarik onena egin zuen bizkaitarrak, 12 minutu eta 35 segundu. Iaz egin zuen denborarik onena Joseba Otaegik (11:35), eta, beraz, Atutxak min utu bat gehiago behar izan du gaur.
Bigarren posturako lehia Erasun eta Mugertzaren artean
Atutxak lana akitu ondotik, lehia polita gertatu zen bigarren postuaz jabetzeko, eta mailaz goiti egiteko Erasun eta Mugertzaren artean. Azkenean, Erasunek 29 segundoko aldea atera dio Mugertzari. 14 minutu eta 40 segundu behar izan zituen aurtiztarrak eta 15 minutu eta 9 segundu mutrikuarrak. Garrantzi handirik ez bazuen ere, laugarren posturako ere lehia estua izan zuten Castrok eta Etxeberriak. Azkenean, Urrozkoak lortu zuen. 15 minutu eta 39 segundu behar izan zituen eta sei segundu gehiago, 15 minutu eta 45 segundu Beintza-Labaiengoak. Asier Pellejero aresoarra izan zen seigarren, dexente gibelago, 18 minutu eta 34 segunduko denborarekin.
Sailkapena
1. Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia; 21 urte): 12:35.
2. Ander Erasun (Aurtiz, Nafarroa; 18 urte): 14:40.
3. Aratz Mugertza (Mutriku, Gipuzkoa; 20 urte): 15:09.
4. Raul Castro (Urrotz, Nafarroa; 27 urte): 15:39.
5. Jexux Etxeberria (Beintza-Labaien, Nafarroa; 37 urte): 15:45.
6. Asier Pellejero (Areso, Nafarroa; 27 urte): 18:34.