Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, urriaren 20tik 26rako aste honetan ere, zenbait egunez mozten ari dira N-121A errepidea, zabaltze eta egokitze lanen barrenean leherketak egin behar direlako.
Endarlatsa inguruan
Endarlatsa inguruan, Gipuzkoako aldean, errepidea erabat moztu da astelehen eguerdian, urriaren 20an, 12:00etatik 14:00etara, 72garren kilometro inguruan eta bertze horrenbertze eginen da leku eta ordutegi berean ortzegunean, urriaren 23an.
Nafarroako aldean, berriz, Endarlatsa-Bera tarteko 68garren kilometro inguruan errepidea astearte eta asteazkenean, urriaren 21 eta 22an moztuko da bi orduz, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara.
Berrizaunen txandakako pasabidea
Berrizaun inguruan, ez da mozketarik izanen aste honetan, baina egunero bezala, bertze hainbat zatitan txandakako pasabidea emanen da, batzuetan seinaleen bidez eta bertzeetan semaforoen bidez, errepide honetako obrengatik, goizeko 8:00etatik arratsaldeko 19:00etara. Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.
Erratzutik Izpegirako bidea
Bigarren mailako errepideei dagokienez, Erratzutik Izpegira doan NA-2600 errepidea moztua dago joan den astelehenetik, urriaren 13tik, zolaberritzen ari direlako. Zehazki lanak 3,600 kilometrotik 11,900 kilometrora bitarte egiten ari dira eta errepidea erabat moztua egonen da astelehenetik ortziralera, goizeko 8:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 14:30etik 19:00etara.