Ehizari buruzko Jardunaldi Gastronomikoak eginen dira azaroan

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 17a

Hamaseigarren aldiz antolatu ditu Bertizko Partzuergo Turistikoak

Udazkenean gaude, ehiza garaia gurean. Uso ehiztariak ari dira lanean eta lehenbiziko aleak ailegatu dira sukaldeetara. Oilagorretara ateratzen direnak ere hor dabiltza, zakurren laguntzaz, hegazti preziatua topatu eta ehizatu asmoz. Oilagor denboraldia urtarrilaren 31ra arte luzatuko dela ere jakinarazi dute. Onddo biltzaileak ere saiatzen ari dira. Ale sobera ez dute topatu oraindik, baina esperantza horrekin mendi eta basoak bisitatzen dituzte.

Eskualdeko bederatzi jatetxetan

Udazken usain horretan sarturik, Bertiz Partzuergo Turistikoak antolatuta, urriaren 31n abiatuko dira hilabete batez luzatuko diren Ehizaren jardunaldi gastronomikoak. Azaroaren 30a bitarte ehizarekin lotura zuzena duten menuak dastatzeko aukera izanen da Baztan, Bertizarana, Bortziriak eta Malerrekako bederatzi jatetxetan. Aurtengoa hamaseigarren edizioa da. Almandozko Beola, Arantzako Burlada, Berako Zalain, Donamariako Donamariko Benta, Elbeteko Oñaska, Igantzi La Villa, Lesakako Koxkonta eta Oitzeko Posada dira jardunaldi hauetan parte hartuko dutenak. 25 eta 35 euro artean balio duten menuak izanen dira eta, bertzeak bertze, uso, basurde, orein, erbi edo oilagorrekin egindako platerak eskainiko dituzte. Urtero jende aunitz biltzen dira plater hauek dastatzeko asmoarekin eta aurten ere ez da guttiago izanen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun