Erreka eta Gure Txokoako pilotariak aurrez aurre izanen dira Nafarroako lehen mailako klub artekoan

TTIPI TTAPA 2008ko urriaren 16a

Larunbat arratsaldean jokatuko dute Donezteben, buruz buru eta binaka

Nafarroako lehen mailako klub arteko pilota txapelketan derbia jokatuko da larunbat honetan Donezteben. Izan ere, arratsaldeko 17:00etatik aitzinera, Errekako eta Gure Txokoako pilotariak izanen dira aurrez aurre. Buruz buru, Errekako Raul Labiano Gure Txokoako Gaizka Otxandorena almandoztarraren kontra ariko da eta eskuz binaka, Errekako Aritz Anguita eta Unai Madariaga urroztarra, Aitor Cerezo lesakarra eta Toni Huarte amaiurtarraren kontra ariko dira.

Ttikienak Nafarroako Kirol Jolasetan

Baina Nafarroako klub artekoa ez da izanen larunbat honetan Doneztebeko frontoian izanen den hitzordu bakarra. Goizeko 9etatik aitzinera, Nafarroako Kirol Jolasetako hainbat partida jokatuko dituzte Errekako pilotariek. Gainera, frontoi nagusia ez ezik, gibeleko pareta aprobetxatuz antolatu den frontoi laburra ere aprobetxatuko dute, bi partida batera jokatu ahal izateko. Erran bezala, goizeko 9etan hasita eta gibeleko frontoi ttikian, honako partida hauek jokatuko dira: Bigarren mailako benjaminetan, Errekako Migeltorena eta Leatxe, Errekako Zestau eta Bangoren kontra ariko dira; Antuña anaiak Irurtzungo bikotearen kontra eta Aioroa eta Erasun Mendillorriko bikotearen kontra. Lehen mailako benjaminetan, Migeltorena eta Lazkano, Noaingo bikotearen kontra ariko dira, Maylin eta Berasategi Ardoikoaren kontra eta Lana eta Inda ere, Ardoiko bikotearen kontra. Hirugarren mailako alebinetan, Aritz Narbarte eta Eloy Garcia, Mendillorriko bikotearen kontra ariko dira. Bigarren mailako alebinetan, Aritz Arrieta eta Axier Baztarrikak Irurtzungo bikotea izanen dute arerio eta Julen Larretxeak eta Julen Saldiasek Club Natacion Pamplonakoa. Lehen mailako alebinetan, Aritz Fagoagak eta Javier Seinek Irurtzungo bikotearen kontra jokatuko dute eta Joel Oronozek eta Julen Juankorenak Huarteko bikotearen kontra.

Frontoi nagusian ere

Aitzineko frontoi nagusia ere erabiliko dute goizeko 9etatik aitzinera. Lehenbiziko partida, hirugarren mailako infantiletan, Errekako Ibai Iribarren eta Javier Saldiasek jokatuko dute, San Migueleko bikotearen kontra. Bigarren mailako infantiletan, Erreka eta Aralar Mendiko bikoteak izanen dira aurrez aurre. Bigarren mailako kadetetan, Ibai Juanena eta Oihan Olaizola Irurtzungo bikotearen kontra ariko dira. Lehen mailako kadetetan, Errekako Mikel Maia eta Iker Rojo, Zugarraldeko Iribarren eta Mayans-en kontra ariko dira. Bigarren mailako jubeniletan, Irail Zestau eta Xabier Carrion Esteribarko bikotearen kontra ariko dira. Lehen mailako jubeniletan, Errekako Gaizka Bendoirok eta Imanol Juanenak San Migueleko bikotea izanen dute arerio eta Beñat Oronozek eta Mikel Kanpok, Aldabideko Ezkurdia eta Lukin.

Nafarroako 22 urtez beheitikoan, bi aranztar final laurdenen bila

Nafarroako 22 urtez beheitiko buruz buruko txapelketaren barrenean, igande goizean zenbait partida jokatuko dira Labriten, 10:00etatik aitzinera. Hirugarren partidua Errekako Imanol Mitxelena aranztarrak jokatuko du Huarteko Kortabarriaren kontra eta segidan, Errekako Joseba Madariaga aranztarrak Aldabideko Mattin Ezkurdia izanen du arerio. Bi aranztarrek irabaziko balute, elkarren kontra jokatu beharko lukete final laurdenean eta bietako bat segurutik izanen zen finalerdian.

Guillermo Mazo Memoriala

Nafarroako gazte mailako lau terdiko txapelketan, Guillermo Mazo memorialean, heldu den asteartean, urriaren 21ean partidua jokatuko du Errekako Mikel Kanpo iturendarrak San Miguel elkarteko Astarriagaren kontra. Aitzineko kanporaketan, Mikel Kanpok 18 eta 10 irabazi zion Oberenako Zuasti. Imanol Juanena urroztarrak, aldiz, 17 eta 18 galdu zuen Zugarraldeko Altzuarteren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun