Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (UEMA) profesional euskaldunen gida osatzeko informazioa biltzen dabil, udal eta herritar euskaldunek profesionalen beharra daukatenean nora jo jakin dezaten. Bertzalde, enpresa bat arduratuko da gidan sartzen diren enpresek baldintzak betetzen dituztela ziurtatzeaz. UEMAk profesional euskaldunen gida osatzeko eta berritzeko ordua dela iritzi dio, eta era horretara, informazioa biltzen daude, propio kontratatu den enpresa baten bidez. Enpresa horrek filtroa eginen du, hau da, berak ziurtatuko du profesionalak benetan gai diren euskarazko zerbitzua emateko, gidan sartu aitzinetik.
Euskal Herri osoko profesionalak
Elkargo profesionalek UEMAren gidan sartzeko aukera daukate, baina horrez gain, UEMAk informazio iturriak zabaldu egin ditu. Hartara, Euskal Herriko udal guztietara jo du datu eske, gidan sartzeko egokiak izan daitezkeen guztiek lekua izan dezaten. Behin datu guztiak bilduta eta ahozko zein idatzizko euskarazko tratua bermatuta, gidan dauden profesionalen zerrenda pasatuko dute UEMAko udalerri guztietara. Informazio guztia UEMAren webgunean egonen da eskura, talde bitan banatutako arloetan, udaletarako, bertzeak bertze, arkitektoak, ingenariak, informatikariak, abokatuak, aholkularitza, kultur zerbitzuak, aisialdi zerbitzuak, kirol zerbitzuak eta informatika-Internet; eta herritarrentzako, margolariak, elektrikariak, iturginak, zurginak eta igeltsariak. Bestalde, informazioa eguneratzeko sistema irekia izanen da, edozein momentutan profesionalen informazioa gehitu edo aldatzeko. Profesionalek helbide honetan eman ahal dute izena, zuzenean: http://www.uema.org/default.cfm?atala=profesionalak. UEMAk profesionalak animatu nahi ditu zerbitzua euskaraz eskaini eta gidan izena ematera.
Etorkinak gizarteratzeko informazio-orria UEMAko udaletxetan
Bertze aldetik, Euskal Herrira datozen etorkinak gizarteratzeko helburuarekin, UEMAk etorkinei harrera emateko informazioa paratu du eskura bere 55 udalerrietan. Eskualdean, Arantza, Areso, Goizueta, Leitza eta Zubietan landuko da. Eskuorri horiekin, etorkinek eman beharreko pausoen eta dauzkaten zerbitzuen berri jasoko dute. UEMAk udal bakoitzarentzat prestatu dituen karpetetan, alde batetik, etorkinei nora etorri diren erakutsiko zaie. Ongietorria ematen dien testua bi hizkuntzatan egina dago, euskaraz eta errumanieraz, frantsesez, inglesez, portugesez, arabieraz edo gazteleraz. Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela adierazi nahi zaie horrela, eta ikasteko aukerak dituztela, sorterriko ohitura, hizkuntza eta kultura baztertu gabe. Informazio orokorraren atalean, erroldatze eta gizarte zerbitzuei buruzko argibideak ageri dira, eta azken orrialdean herri bakoitzeko informazioa. Bertzalde, helburu berarekin 12 bat ekitaldi antolatuko dira UEMAko udalerrietan.